PARODIAK 75 URTE

Umorearen diamantezko ezteiak: zuokin guztiokin, 75. parodia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko uzt. 18a, 07:19

Santa Anako parodiako pertsonaia nagusiak, Alejandro Romo zenaren eskutik eginak.

Lasarte-Orian ikasturtero gertatzen direnak umorez eta ironiaz errepasatzen ditugu uztailaren 26an, Santa Ana eta San Joakin egunez. Herritarren ikuskizun kuttun bilakatu den ekimenak gorabehera eta aldaketa ugari izan ditu baina oso errotuta darrai.

Grekeratik dator parodia hitza: para (albotik, ondotik) eta oda (kantu) adierazpideek osatzen dute. Bestela adierazita, esan nahi du albotik kantatzea, beste tonu eta ahots batekin; melodia bat aldatu edo deformatzea, alegia. Bitxiak dira berben jatorri etimologikoak eta kuriosoa da baita ere gure herrian, Santa Ana eta San Joakin egunez (hilak 26), ikasturtean gertatu diren kontuak umorez eta ironiaz errepasatu eta bi akusatu (pertsonak irudikatzen dituzten panpinak) kondenatzen dituen antzezpena, antza denez Erdi Aroan jatorria duena. Garai horietan oso-oso ohikoa zen herrietan epaiketa moral kutsuko ospakizunak egitea baina denboraren poderioz galtzen joan dira. Hemengoaren antza duten xaribariak edo zintzarrotsak dira beste adibide bat, Zuberoan aurrera eramaten dituztenak.

Parodiaren eta Santa Ana eguneko gainerako ospakizunen "aro modernoa", nolabait esatearren, 1951. urtean hasi zen, Gure Etxea tabernaren jabe zen Manuel Sagardiak berreskuratu zituenean. Horren aurrekoak nola ziren jakiteko apenas topatu dugun lekukotzarik, 2002ko uztailean TXINTXARRI-n argitaratutako eskertza anonimo baten zati bat izan ezik (Manuelen seme Julian Sagardiaren artxibokoa da baina ez du ez izen-abizenik ez datarik): "Eta zer jai izaten zan au? Karkaba arren sarreran, etxe batetik bestera, loru edo alanbre batetik zintzilik jarri sagi zar batzuek eta aiek erretzea. Gañera karkaba artako orma edo paretatan bustiña eantzita, erretxinak jartzen ziran ura argiz apaintzeko; eta beko barrenean goi-goitik Santa Ana amonaren irudia, zintzilik berriz [...] Festa arren buruzagi guztia Agustin Lizaso zan; eta berak, illundu ezkero, su arratzen zien sagi aiei, aldez aurretik, arri-olio edo 'petroleokin' bustita [...] Ozte edo jende asko biltzen zan. Ez Lasarte'tik bakarrik; baita Zubieta, Oriya eta inguru guztietatik"

Eskertza hori idatzi zuenak kontatzen duen jaiaz geroztik "40 urte eta gehiago" igaro ziren, arestian esan bezala, Manuel Sagardiak ospakizuna berpiztu zuen arte. Parodiaz gain herri meza, hamaiketakoa, karkaban Agurra dantzatzea eta ondoren ikurrina jartzea izaten ziren jarduerak (gaur egungo egitarauaren antzera). Jarduera horiek bere poltsikotik ordaindu zituen, 1979an hil eta lekukoa bere seme Julianek hartu zuen arte. Aita zenak bezalatsu, berak jartzen zuen dirua eta urtez urte antzezlan gero eta itxurosogoa egiten zuten, pertsonaia gero eta gehiagorekin: mikeleteak, epailea, fiskala, suhiltzaileak, eta abar. Ordurako sortuta zeuden bi akusatu alprojak, deabruak, Santa Ana, San Joakin eta Basajaun. XX. mende hasierako ikuskizunean jada parte hartzen zuten horiek, Juan Mari Lekuona oiartzuarraren arabera. 

Santanatarrak eta Ttakun KE

Julian Sagardiaren erreleboa Lasarte-Oriako Udalak hartu zuen 1991n eta Santanatarrak izeneko talde bati eman zion parodia antolatzen jarraitzeko ardura. Hurrengo urteetan indarra galdu zuen ekimenak, harik eta 1995ean egin gabe utzi zuten arte, apenas zegoelako jenderik gidoia prestatu eta pertsonaiak antzezteko. Kolokan zegoen ia mende erdiko usadioa, baina aurrera egin zuen azkenean, Ttakun Kultur Elkarteak hartu zuelako lekukoa, Manuelen biloba Nekane Sagardiaren laguntzarekin. Euskara eta euskal kulturaren normalizazioa udalerrian bultzatzea helburu zuen eragileak hizkuntza hori txertatu zuen ordura arte gaztelania hutsez gauzatu zuten jardueran. 

Hortaz, historikoa izan zen 1996ko ikuskizuna, elebitan burututako aurrenekoa izan zelako. Ez ika-mikarik gabe, hala ere: desagertu berria zen Santanatarraken izenean antolatzera derrigortu zituzten Ttakuneko kideak, dirulaguntzarik ez ematearen mehatxupean. Onartu eta aurrera egin zuten, gidoian euskara sartzearen aurkakoak ere entzunda, herritarrak "haserretu" egingo zirelakoan. Hori horrela izanik, parodia horretan itzultzaile bat erabili zuten euskararen eta gaztelaniaren arteko lotura egiteko. Hori bai, ekimenaren esentzia (umorea eta ironia, alegia) ahaztu gabe: erdaldunei laguntzen zien haria jarraitzen baina itzulpen "bitxiak" eginda. 

1996. urteko parodian parte hartu zuten zenbait aktore, desfilatzen.

Duela ia hogei urte batzuentzat oso arrotza izan zitekeena ohiko bilakatu da eta gaur egungo parodia elebitan egiten segitzen dute urtero-urtero prestutasuna erakusten duten aktoreek, profesionalak ez direnek baina gogoz eta ilusioz izarren pare edo gainetik daudenek. Hilaren 26an jardungo dira Okendo plazako eszenatokian, ehunka pertsonaren aurrean. Hasi dira entseatzen dagoeneko, kultur etxean, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.

Diamantezko ezteiak

Esan dugu lehen 1951n hasi zela Santa Ana eta San Joakin eguneko parodiaren aro modernoa. Bada, aurten diamantezko ezteiak beteko ditu ikuskizunak, 75.a izango baita hilaren 26koa; berezia. Ttakun Kultur Elkarteko Kultura arduradun Arkaitz Illarramendik aurreratu dizkio TXINTXARRI-ri antzezpen espezial horren nondik norakoak, sorpresa batzuk emanaldiaren egunerako utzita, jakina. 

Parodiaren bizkarrezurra ez da aldatuko, dagoeneko ezagunak diren pertsonaiek (alboko orriko zatiduran dituzue) amaitzear den ikasturteko gertakari ugari errepasatuko dituzte umorez eta ironiaz. Akusatuen aulkian bi alproja eseriko dira, beti bezala: Argiñe Muchasluces Amañategi eta Petri Killo Quiron De Xosak izango dira aurtengoak. Izen-deitura berezi horiek eta gainerako kontu guztiak Pablo Barrio, Olatz eta Amaia Iriberri eta Arkaitz Illarramendik berak asmatu eta prestatu dituzte. Batzuen zein besteen ekarpenak bildu eta parodiari forma eman diona Barrio izan da, Illarramendiren hitzetan. Ekimen honek askok uste dutena baino lan gehiago ematen duenaren seinale, lantaldea joan den azaroan biltzen hasi zela, dena prestatzen hasteko.

Berrikuntza nabarmenena, hauxe: parodia musikatua izango da. Aktoreek bederatzi abesti sortu eta grabatu dituzte Aitor Atxega herritarraren laguntzarekin, bere estudioan. Gidoiko gainerako pasarteekin uztartuko dituzte kantu horiek guztiak eta txundituta utziko dituzte Okendora bertaratzen diren ikus-entzuleak.