Karmengo Amaren eguna ospatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 16a, 13:55

Uztailak 16 ditu gaur eta Karmengo Amaren eguna da, arrantzaleen patroiarena. Uretan ez, gainazalean ospatu dute lasarteoriatarrek egun berezi hau, non eta ama birjinaren izena daraman kaperan eta alboan dagoen Plazido Mujika plazan. La Esperanza auzo elkarteak antolatuta elizkizuna eta luntxa egin dituzte bi toki horietan, hurrenez hurren.

Dozenaka fededun eta udal korporazioko zenbait zinegotzi (PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta ELOP alderdietako ordezkariak bertaratu dira) bertaratu dira eguerdiko hamabietako kanpaiekin hasi den elizkizunera. Juan Luis Murua apaizak gidatu du meza eta udalerriko egoera "etengabe" hobetu beharraren garrantzia nabarmenduta, Torre Pacheco (Murtzia) udalerriko istiluetan eta Israel Gazan egiten ari den genozidioan jarri du arreta elizgizonak. Sermoi eta otoitz artean, bitxikeria gisa, 12:15ean bere sakelako telefonoaren alarmak jo du. "Begietan tantak noiz bota behar ditudan gogorarazten dit honek", bota du Muruak, umorez. Normaltasun eta patxada osoz jarraitu du gero ordu erdi pasatxo iraun duen saioarekin.

Amaitu denean, kaperatik atera eta alboko plazan bildu dira herritarrak, bapo jan eta edateko: patata tortilla, hestebeteak, gildak, kanapeak eta baita pasteltxo gozoak ere, hamaiketakoa errematatzeko. Gutizi catering enpresa arduratu da bertan zirenen sabelak bete eta eztarriak freskatzeaz.

Erlazionatuak