Eskolaren haziak 1975ean landatu zituzten irakasle eta lagun talde batek, Aginagako parrokiaren lokaletan; orduan hasi ziren tailerrak ematen. "Baliabide urriekin baina ilusioz abiatutako ekimen hura erreferente bihurtu da berrikuntza pedagogiko eta teknologikoan", nabarmendu dute institutu horretako arduradunek.
Egitarauaren barruan, ekainaren 30eko ospakizun ekitaldira bertaratu zirenek aukera izan zuten eskola barruko "instalazio berritzaileak" ezagutzeko, hala nola Energia Berriztagarrien arloko Bikaintasun Sareko proiektuak, Mekanikako berrikuntza teknologikoak, Aula Interaktiboa edota gaitasun teknikoak eta zeharkakoak aldi berean lantzeko erabiltzen dituzten esperientzia pedagogikoak. Besteak beste, Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrietak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak parte hartu zuten.
Horrez gain, 50 urte, 50 kontakizun mahai ingurua aurrera eraman zuten, eskolako zuzendari izan diren zenbaiten parte hartzearekin: Patxi Vaquerizo, Anton Zubiaurre, Mari Carmen Marin, Arantxa Vitoria eta Iñaki Mujika. Horren ostean, gaur egun eskola zuzentzen duen Isidro Zalduak Gaurtik etorkizunera begira hitzaldia eman zuen. Amaitzeko, luntx bat egin zuten, giro informalagoan.