Gipuzkoako Foru Aldundiak Urnieta eta Lasarte-Oria arteko bidegorriaren proiektua onartu du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 2a, 14:30

Proiektuaren aurkezpenaren irudia.

Otsailean proiektuaren aurkezpena egin zen arren, atzo onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak mugikortasun jasangarriko azpiegitura estrategikoa egitea. Hurrengo pausoa lanen lizitazioa izango da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatutako proiektuaren bitartez, Urnieta Donostiako erdigunearekin lotuko da Lasarte-Oriatik barrena.

Ekimenaren helburua mugikortasun aktiboa sustatzea eta garraio motordunari lotutako emisioak murriztea da. Era berean, herritarrei modu eroso, seguru eta jasangarrian mugitzeko modu berriak erraztu nahi du erakundeak.

Proiektua onartzearekin batera, lizitazioa hurrengo hilabeteetan abiarazteko behar den izapidetze tekniko eta administratiboko prozesua irekiko da orain. Azpiegitura estrategiko horren proiektuak 1.598.402,43 euroko aurrekontua du. Prozesua ondo bidean, lanak aurten bertan hasi eta  zortzi hilabeteetan gauzatzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru aldundiak.