Lasarte-Oria eta Urnieta batuko dituen bidegorriko proiektua aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 14a, 13:15

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Lasarte-Oria eta Urnieta lotuko dituen bidegorria eraikiko du. Lasarte-Oriako zein Urnietako alkateak Agustin Valdivia eta Jorge Segurado eta Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok lekua bisitatu zuten atzo eta Monica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak lanaren zehaztapen teknikoak azaldu zituen

Oinezkoen zein txirrindularien irisgarritasuna hobetuko duen bidegorri berria Plazaolako bidea jarraituko du. Lasarte-Oriako Azkorte bidea Urnietako bide sarearekin lotuko duen 1,2 kilometroko eremua da eta txanpinoiak hazteko erabiltzen zen tuneletik joango da.

Bidegorria eraikitzeko aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da, eta obrak 2025aren amaieran eta 2026aren hasieran egingo dira. Lanak hiru sektoretan banatuko dira –Lasarte-Oriako Azkorte bidea, tunela eta Urnietako eremua– eta 8 hilabetekoa epean amaitzea aurreikusi dute Aldundiko teknikariek. Zehazki, lurra egokitzeko, zolatzeko, drainatze-sistemak instalatzeko, tunela sendotzeko eta seinaleztatzeko lanak egingo dira.

Foru Aldundiak garraiobide ez-kutsatzaileak eta irisgarriak sustatzeko sustatutako mugikortasun jasangarriaren planaren barruan kokatu du obra eta azpiegitura ingurumen-integrazioko eta eraginkortasuneko irizpideen arabera diseinatu da. Gainera, espazio segurua izan dadin, tuneleko argiztapena zainduko da. Monica Pedreirak azaldu modura, "gure sailerako garrantzitsua da genero ikuspegitik azpiegitura itxiak gune seguruak izatea".

Arg.: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Lotura garrantzitsua

Ordezkari politikoak pozarren agertu ziren obra hau aurrera eraman ahal delako. Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak horrela azaldu zuen agerraldian: " Urte batzuk daramatzagu lanean lotura hau lortzeko, Lasarte-Oriarentzat ez ezik, Urnieta eta Buruntzaldearentzat ere funtsezkoa dena. Azpiegitura horrek aukera ematen digu Lekunberritik Donostiatik harantzago joateko, mugikortasun jasangarriaren alde eginez eta herritarrei garraio eta aisialdirako aukera berriak eskainiz. Oso pozik gaude egun hau iritsi delako”.

Urnietako alkate Jorge Seguradok ere  proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen: "Herriko zein Buruntzaldeako mugikortasun jasangarria, aisialdia eta turismoa sustatzeko proiektu estrategikoa da hau”.

Bi alkateek eskerrak eman zizkioten Aldundiari azpiegitura horren aldeko apustua egiteagatik.

Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpiegitura horrekk Gipuzkoan mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko duen garrantzia azpimarratu zuen: "Bidegorri hori eraikitzeak, Lasarte-Oria eta Urnieta arteko lotura hobetzeaz gain, bizikletaren eta oinezkoen garraioaren erabilera sustatuko du, bizi-ohitura osasungarriak sustatuz eta emisio kutsatzaileak murrizten lagunduz".

Diputatuak proiektuaren paisaia- eta ingurumen-integrazioa ere nabarmendu zuen, bai eta Lasarte-Oriako eta Urnietako udalen arteko lankidetza instituzionala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lan egin baitute ekimen hori gauzatzeko. Horren harira, "kolaboratzen dugunean, jendearentzat garrantzitsuak diren proiektuak sortzen dira," adierazi du Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak.

Herriko sarea

Lasarte-Oriako bidegorri sareri dagokionez, aurten Hipodromo etorbideko bidegorria moldatuko dela gogoratu du alkateak: Bidegorria errepideruntz aterako dugu. Aztertu behar da nola egingo den. Espaloi estua da kale horretakoa eta kotxeen aparkalekuak ditu ondoan".

Bestalde, egungo herriko sarea eta Plazaolako bidea batzeko proiektuaren gainean ere mintzo da: "bere garaian Institutuko biribilgunetik Euskotreneko biribilgunera Sasoetatik barrena egiteko proiektua zegoen, baina zaila da bertatik egin ahal izatea. Proiektu alternatiboak aztertu behar ditugu. Egungo herri barruan arautua dagoen 30 kilometro/orduko abiadura murrizketak lagundu dezake bidegorria egin ezin daitekeen lekuetan errepidea erabiltzea. Azterketa sakona behar du, Sasoeta auzoko trafiko arazoak ere kontuan izan behar dira. Eta hori ez da aurtengo kontua izango".