"Kosta zaigu hau iragartzea baina tira, azkenean esan dezakegu jangela zerbitzua izango dutela udako txokoek", adierazi du Agustin Valdivia alkateak, pozik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin "ikasturte osoa lanean" daramatela zehaztu du eta azkenean beraiek nahi bezala atera izan dutela zerbitzua lizitaziora, hau da, jangelarekin.
Udaleko Hezkuntza eta Gazteria departamentuko buru Maite Iglesiasek jangelaren beharrean sakondu du: "Erraztu egingo dugu familien kontziliazioa". Gauzak horrela, 09:00etako edo 10:00etako txandak aukeratzen dituztenek aukera izango dute jangela zerbitzua ere hartzeko, haurrak 15:00etan edo 16:30ean itzul daitezen etxera, bakoitzaren egoeraren arabera. Ohi bezala, uztailean (2tik 30era) eta abuztuan (4tik 29ra) emango du zerbitzua udalak.
Lizitazioa, esan bezala, Ttakun Kultur Elkarteak irabazi du eta berak kudeatuko du aisialdi eskaintza. Euskara elkarteko kudeatzaile Haritz Salaberriak eta udalaren txokoen arduradun Lorea Muguruzak hartu dute hitza, "ekimen dibertigarri eta kalitatezkoen" bidez euskararen normalizaziorako horren garrantzitsua den esparru bat jorratuko dutelako, hau da, 3 eta 12 urte arteko gaztetxoen udarako aisialdia. Ongi pasatzeko modukoak eta maila altukoak ez ezik, uztaileko eta abuztuko jarduerak "freskagarriak" ere izango direla azpimarratu du Muguruzak, haurrak "euskaraz blaitu" daitezen.
Horrekin batera, gogorarazi du hilaren 18tik 20ra egingo dutela izen ematea, Antonio Mercero aretoan. Aurreneko bi egunetan goizez nahiz arratsaldez joan ahalko dute interesa dutenek, 09:30etik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara. Hirugarrenean, berriz, goizez bakarrik, 09:30etik 13:00etara. "Gogora daitezela herritarrak tramite hori egin ahal izateko beharrezko dokumentu guztiak ekartzeaz", ohartarazi du Muguruzak. Bestalde, sarean ere izena eman ahalko dute herritarrek, udalaren webgunean. Informazio gehiagorako udalekuirekiakttakun@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 628 55 91 26 telefono zenbakira deitu dezakete.
