XVII. UDALTOP

Euskaldunak ahalduntzeko bidean, denak elkarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 22a, 12:25

Udaletako Euskara Teknikarien Udaltop topaketaren hamazazpigarren aldiak 250 pertsona baino gehiago bildu ditu, Manuel Lekuona Kultur Etxean gehienak, euskaraz hitz egin nahi izatetik ahaldun izatera igarotzeko erronka eta aukerez gogoeta egiteko.

Euskal Herriko lurraldeetako ordezkari politikoei eta gainerako aditu eta hizlariei bide eman aurretik, Udaltop jardunaldien aurreneko bederatzi aldietan parte hartu zutenei Goiegi jatetxean bazkaltzen eman zien Juan Luis Eizmendi herritarra izan dute gogoan, aurtengo otsailean hil dena. Xabi Paya aurkezleak aipatu duenez, "bere osagai bereizgarrienarekin" elikatu eta artatu zituen urte horietan guztietan: "Irribarrearekin". 

Bapo bazkaltzeaz gain, mahai inguruak egin izan dituzte Goiegi jatetxean, zenbait Udaltop jardunalditan.

 

Iaz bezala, euskal lurralde guztietako ordezkariek ekin diote hamazazpigarren aldiari, bakoitzak bere errealitatetik honako galdera honi erantzunda: Nahi izatetik, ahaldun izatera. Zer eta nola egin dezakegu udalerrian hiztunak ahalduntzeko? "Etxean jokatzen" ari den Estitxu Alkortak hartu du hitza, aurrena: "Udaltop aproposa iruditzen zait gutako bakoitzaren kezkak eta zailtasunak partekatu eta taldean gogoeta egiteko. Hori eginda, iruditzen zait konturatuko garela uste baino gehiagotan egin dezakegula euskaraz, eta gainera, gaizki sentitu gabe. Hori da espero dudana eta ez da erronka makala". Ondotik mintzatu dira Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Isaac Amezaga, Arabako diputazioan kargu bera duen Joseba Perez de Heredia, Nafarroako Euskarabidea-ko arduradun Javi Arakama, Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politikako zuzendari Eneritz Zabaleta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiketarako sailburuorde Aitor Aldasoro eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Eider Mendoza. Bakoitzak bere talaiatik heldu dio itaunari eta xehetasunak xehetasun, denek ala denek azpimarratu dute euskararen bueltan lanean ari diren norbanako, eragile eta erakundeen arteko lankidetza.

Topaketa uzten ari den bestelako ñabardurei dagokienez, aipatzekoa da zenbatek daramatzaten soinean Ahobizi eta Belarriprest txapak, izan ere, Euskaraldi betean gaude oraindik. Bestalde, Kataluniako Consorci Per a la Normalitzacio Linguistica (CNPL) erakundeko 30 ordezkari etorri dira, eta, hortaz, katalunierak ere badu tokia Udaltopen.

Erlazionatuak

XVII. Udaltop, hasiera ekitaldia

Iñigo Gonzalez Sarobe mai 22, 13:26 Euskara