Ttakun Kultur Elkartea, Lasarte-Oriako Udala eta Ebete Hizkuntza Zerbitzuak dira Elemeleka proiektuaren bultzatzaileak. Udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak azaldu duenez, "Bigarren Hezkuntzako nerabeen hizkuntza sozializazioan laguntzeko proiektua" da. Proiektuaren ezaugarri, bilakaera, azterketa eta ondorioak esplikatu dituztenei hitza eman aurretik, udalaren atari digitalean zintzilikatu dituzten bideoa eta dokumentua kontsultatzera gonbidatu ditu interesa duten guztiak.
Ttakun KEko Zerbitzu arduradun Jon Pello Artetxek nabarmendu du "ikasturte asko" daramatzatela Elemeleka lantzen, baina 2018-2019 ikasturtean "jauzi bat" egin eta fokua aldatu zutela: komunikazio gaitasunak lantzetik, hizkuntza sozializazioaren kontzeptuan sakontzera. Gauzak horrela, hiru dira ardatzak: sentsibilizazio saioak, Gazte Eragileen Batzordeak eta kidetzeak. Ezaugarriei buruzko zertzelada gehiago eman ditu herritarrak: "Garrantzi handikoa iruditzen zaigu DBH1 ikasmaila, ordura arte euskaraz aritzeko ohitura politak dituzten ikasleetako askok behera egiten dutelako kurtso horretan zehar". Bestalde, zehaztu du Elemelekaren bidez euskara gertu dutenei "protagonismoa" ematen dietela.
EHUko irakasle Asier Huegunek hartu du hitza gero, esplikatzeko beharrezkoa ikusten zutela azken bospasei urteetan egindako lanketa "modu egoki batean" baloratzea, inpresio eta sentipen orokorrez ("ondo ari gara" edota "gustura gaude" bezalakoak) harago. Gauzak horrela, proiektuaren azpiatal guztiak aztertu dituzte eta irakasle, hezitzaile eta ikasle zenbait elkarrizketatu dituzte, lekukotza eta iritzi zuzenak jasotzeko. "Emaitzak sendoak izatea eta jarraitu beharreko norabidea erakustea nahi genuen", esan du Huegunek.
Ahalduntzeko baliabideak
Aztertutako horren ondorio eta emaitzak aletzeaz Ebete Hizkuntza Zerbitzuak enpresaren sortzaile Iñaki Eizmendi lasarteoriatarra arduratu da. Ideia nagusi batzuk partekatu ditu parean zituenekin: "Elemelekak laguntzen du euskararekiko lotura afektiboak aktibatzen. Gainera, ahalduntzeko baliabideak eskaintzen dizkie. Emaitzak perspektibaz ikusi behar dira, ez epe motzean, ertainean baizik".
Aurkezpenarekin amaitu ostean hitza hartzeko aukera eman diete bertaratu diren irakasle eta arduradunei, eta, besteak beste, hizkuntza mudantzaren gaiaz mintzatu dira. Horretarako "une jakinetako bat" DBH1 dela "argi eta garbi" izanda, prozesu hori aurreratzen ari dela aipatu du irakasleetako batek, zehazki, LH5 mailara. Etorkizunera begira, alor horretan lanean ari direla erantzun du Eizmendik eta proiekturen bat diseinatzekotan Elemelekaren "ezaugarri desberdinak" izan beharko lituzkeela, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin jada egiten duten lanketa "ez erretzeko".
TXINTXARRI aldizkariak bideoz grabatu du aurkezpen ekitaldia eta beheko eduki erlazionatuan ikus dezakezue.