Hilabete inguru falta da udara ailegatzeko. Alabaina, Aterpea Merkatari Elkarteak urtaroak oraindik emateko baduela aitzaki, dagoeneko tradizio den Udaberriko Festa antolatu du. Ostiral honetan hasi da ospakizuna. Hainbat jarduera eraman dituzte aurrera; finean, herritarrak euren saltokietara gerturatzeko asmoz.
Ostiraleko ekintzarik liluragarriena lau saltokietan eskainitako tailerrak izan dira. Liluragarriak haurrak izan baitituzte protagonista. Dulce tentación gozodendan, umeek margoekin eta paper zatiekin goxokiak aipantzeko marraziak egin dituzte. Ormazabal loradendan, berriz, landareak landatu. Baselina egiten aritu dira, Eli Lasa farmazian. Eta bukatzeko, Lilura liburudendan, ipuin kontaketaz gozatzeko aukera izan dute etxeko txikienek.
Tailerrak tailer, beste zenbait dendetan, erosteko pizgarriez gozatu ahal izan dute herritarrek. Izan ere, lauzpabost saltokietan eskaintza bereziak egingo dituzte, ostiral eta larunbat honetan. Saltoki horiek honako hauek dira: Amali Jolasdenda, Arregui Elektrizitatea, Olmi mertzeria, Urruzola mertzeria, Imagine jantzi denda eta Mabel Moda.
Larunbatean, gehiago
Ospakizuna goiz hasiko da, larunbat honetan. Arkupe tabernak bermuta egingo du eguerdi aldera. Segidan, lekukoa hartuko dio Okendon egingo den herri parrilladak. Bertan daudelarik, barrikotea ere egingo dute eta DJak girotuko du dena. Parrilladan egindako jakiak probatzea doakoa izango da, baina barrikoterako tiketak erosi egin behar dira. Horren ondotik, kontzertuak egingo dira Arkupe, Buenetxea eta Avenida tabernetan. Bien bitartean, tren txu-txuak herria zeharkatuko du goizeko hamaiketatik gaueko zortzirak arte. Hori bai, ordubietatik bostetera ez du bidaiarik egingo.