Ama Brigitarren komentura bertaratu diren dozenaka ikusleek txiki utzi dute eraikina. Leku bakar bat ere ez da hutsik geratu eta kontzertuaren hasiera orduan edo geroxeago iritsi direnek zutik jarraitu behar izan dute emanaldia. Edonola ere, ez zaie batere axola izan, eserita ez egoteagatik izan zezaketen nekea ederki asko arindu baitute talde baten zein bestearen melodia eta kantuek.
Oraingoan anfitrioi lanak egin dituen Alboka Abesbatzak (iaz alderantziz izan zen, herritarrak joan baitziren Beasainera, Erketz Euskal Dantza Taldeko lagunekin batera) ireki du emanaldia, Cada noite eta Izaro Andres bizkaitarraren Paris abestuta. Montse Latorrek zuzendutako abeslari taldea erretiratu denean sartu da Aitor Garitanok gidatutakoa eta hiru kanta sakro erakutsi ditu. Horren aurretik, komentuko kapilau Felix Garitanok hartu du hitza, ikus-entzuleei harro esateko bere iloba zuela parean. "Opera tenore bikaina da eta gaurkoan zertxobait bada ere kantatzeko eskatu diodan arren, zuzendari lanak egingo ditu", esan du, umorez.
Ave verum, Parter noster eta Loinatz credo kantuek osatu dute aurreneko zati hori. Ondoren, folkloreari egin diote tartea eta Kantatzen dut kantuz, Gaur akelarre indartsua, Barre egin eta Isildu nahi ez den hura interpretatu dituzte beasaindarrek, ikus-entzuleen eta Albokako kideen txalo artean. Amaitzeko, azken horiek altxa eta Loinatzeko kideekin tartekatu dira, Izar ederra eta Bring me little water, Silvy abesteko. Bi horietan aurreneko abestia Montse Latorrek zuzendu du, eta bigarrena, Aitor Garitanok. Horren aurretik, bi zuzendariei eta abesbatzek lagun izan dituzten hiru musikariek (Amaia Dorronsoro eta Javier Perez piano jotzaileak eta Martin Kortabarria biolinista) lore sorta bana jaso dute.
Egitaraua itxi duen abestia interpretatu eta gero kontzertura bertaratu direnen ordaina (batzuk zutitu eta guzti egin dira) jaso dute abesbatza bateko eta besteko kideek: txalo zaparrada luze eta ozena. Ordubete pasatxo iraun duen emanaldi zoragarriarengatik, bidezko saria izan da. Abesbatzen arteko trukean, guztientzat onura.