Herriko taldeak, Albokak egingo du kontzertuaren sarrera Cada noite eta Paris piezak interpretatuta. Ondoren, Loinatz abesbatzakoek hartuko dute erreleboa eta zazpi kantu partekatuko dituzte komentura bertaratzen diren ikus-entzuleekin: Ave verum, Pater noster, Loinatz credo, Kantatzen dut kantuz, Gaur akelarre, Barre egin eta Isildu nahi ez den hura. Amaitzeko, biek ala biek kantu pare bat interpretatuko dituzte: Izar ederra eta Bring me little water, Silvy.
Ibilbide oparoa
Loinatz Abesbatza 1939an sortu zuten eta bost hamarkada geroago berreskuratu zuen bere ibilbidea (1986an), Xabier Sarasolaren zuzendaritzapean. Ordutik, bide luze eta oparoa egin du: Espainiako lehiaketetan parte hartu eta sariak irabazi ditu; eta kontzertuak eman ditu Euskal Herrian nahiz bertatik kanpo. Besteak beste, Westminster-eko katedralean (Londres, Erresuma Batua) eta Vatikanoko San Pedro Basilikan aritu da.
Urteetan zehar errepertorio zabala landu du: musika sakroa, folklorea, polifonia eta abar. Besteak beste, Ensemble Conductus eta Donostiako Multzo Barrokoarekin batera aritu da, eta zuzendaritza lanetan, Xabier Sarasolaz gain, Junkal Guerrero, Jon Aizpuru eta gaur egun Aitor Garitano aritu dira.
Loinatz Abesbatzak buru-belarri jarraitzen du Beasaingo kultur bizitzan, are gehiago, proiektu sozial eta musikaletan, abesbatzen elkartrukeetan eta lehiaketetan parte hartzen, musika koralarekiko duen pasioa partekatzen jarraitzeko asmoz.