Festa ederra prestatu dute Azkorteko ermitan, iganderako

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 29a, 10:03

Urteroko usadioari eutsiko diote Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. 10:30etik bazkalordura arteko erromeria aurrera eramango dute Buruntza mendiaren magaletan dagoen Azkorteko ermitan: meza, trikitilariak, herri kirolen erakustaldia eta goxo jan eta edateko taberna. 

Hauxe izango da iganderako egitaraua:

  • 11:00etan, meza, Alboka Abesbatzak girotuta.
  • 11:45ean, Lierni Arozena eta Olaia Recondo trikitilariak.
  • 12:15ean, herri kirolen erakustaldia: Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolariak eta Beñat Telleria harrijasotzailea.
  • 13:15ean, trikitilariak.

Taberna 10:30ean irekiko dute eta bazkalorduan itxiko dute. Bertaratzen direnek aukeran izango dituzte, edari freskoez gain, txorizo, odolki edota salda pintxoak.

Santikurutz eguna

Maiatzaren 3a da Santikurutz eguna eta horren bueltan antolatu ohi dituzte erromeriak Urnietak eta Lasarte-Oriak, urte luzetako ohiturari jarraiki. Egun horretan bertan egiten dute festa urnietarrek, eta lasarteoriatarrek, berriz, maiatzeko aurreneko igandean, kasu honetan, 4an. 

Urnietarrek larunbaterako prestatu duten egitaraua hauxe da:

  • 11:30ean, meza.
  • 12:30ean, Angel Larrañaga eta Aratz Igartzabal bertsolariak.
  • Ondoren, erromeria, Komerik taldearekin.

10:00etatik 14:00etara doako autobus zerbitzua jarriko dute, Urnietako Pintore kaletik Azkorteko ermitara igo eta jaisteko.