Euria egin arren, ikusle ugari bildu zen Atsobakar kirol gunean erregionalen derbia ikustera; ederki gozatu zuten neurketaz.
Lehen zatian bi taldeak gogotsu atera ziren zelaira. Ostadarrek sartu zuen lehen gola bosgarren minutuan, baina zuri-urdinek ez zuten amore eman eta neurketa berdindu zuten hamar minutura. Ez hori bakarrik, Texas markagailuan aurreratu zen. Urdin-beltzek ez zuten neurketa galdu nahi eta atsedenadira iritsi baino lehen eskuratu zuten berdinketaren gola.
Horrek hauspotuta, Ostadarrek indartsu ekin zion bigarren zatiari eta lau gol egin zituen, horietako bat penaltiz. Texasen ahaleginek, aldiz, ez zuten fruiturik izan bigarren zatiko azken hamar minutuetara arte; orduan 6 eta 3koa egin zuen. Eta urdin-beltzek zazpigarren gola eginez, garaipena eskuratu zuen.
Kopako multzo fasea amaitzeko hiru neurketa faltan, Ostadar bere multzoko lehen postuan da eta lehiaketan aurrera egiteko aukera handiak ditu. Texas Lasartearra, aldiz, taula erdialdean dago.
Oporretako torneoak
Ligan etenaldian izan arren, Aste Santu eta Pazko Asteko egunetan taldeek ez dute atsedenik izango eta Gipuzkoako zein beste erkidegoko txapelketa edo torneoetan parte hartzuko dute. Horietako bi, aurten Lasarte-Orian jokatuko da. Izan ere, hilaren 26an eta 27an, Michelin kirol gunean, Texas Lasartearrak II. Benjamin torneoa (ikus lotutako berria) eta Ostadar SKTk antolatutako alebin txapelketa izango dira.
Horiez gain, Ostadarreko bost talde Costa Daurada Cup torneoan lehiatzen ari dira, Salouen (Katalunia).
Talde urdin-beltzeko infantil txikia eta futbol eskoleko 2013 urtekoak Zarautzen lehiatuko dira hilaren 19an eta 20an. Eta zuri-urdin zein urdin-beltzen 2023 urteko alebin taldeak CD San Marcialek antolatzen duen IV. Ricardo Gomez torneoan parte hartuko dute hilaren 23tik 26ra, Irunen.