Futbol txapelketa solidarioa antolatuko dute bigarrenez

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 12a, 12:15

Texas Lasartearrak eta Aspanogi Elkarteak elkarlanean prestatuko dute Benjamin Txapelketa solidarioa, eta bildutako diru guztia minbizia duten adingabeen familiei helaraziko diete. Ekimena aurreko urtean Izan Inurri Elkartearekin batera egindako emakumezkoen txapelketari jarraiki ospatuko da. 

Texas Lasartearrak eta Aspanogi Elkarteak Benjamin Futbol Txapelketa antolatuko dute, hilaren 26an, Lasarte-Orian. Guztira zortzi ekipo lehiatuko dira; 2015. eta 2016. urteetan jaiotako 250 bat neska-mutil, hain zuzen ere. Txapelketaren helburua Aspanogi Elkartearentzako dirua biltzea izango da. Era berean, balioan jarriko dute elkarteak minbiziaz jotako adingabeen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz egindako lana. Ekitaldia gizarteratzeko, Aspanogiko eta Texas Lasartearrako kideek aurkezpena egin dute, Txoko Tabernan. 

Partidak partida, hamaika ekitaldi antolatu dituzte hilaren 26ari begira. Hasteko, dirua eskuratzeko xedez, aurrera eramango dute pintxopote solidarioa. Funtzionamendua sinplea izango da, hau da, pintxo baten truke, bono bat emango da. Segidan, sorteoa egingo da, eta sariak honelakoak izango dira: Jon Martin jokalariaren Errealako elastikoa, Aspanogiren hainbat kamiseta eta Texas Lasartearrak prestatutako saskia. Antolatzaileek aitortu dute "bestelako opari gehigarriren bat" lortzearren, lanean dihardutela. Orobat, taberna ere ipiniko dute. 

Bestalde, bi stand eskura izango dira. Alde batetik, lehenengo postuan, Aspanogi Elkarteak martxan dituen proiektuen berri emango da. Bigarrenean, berriz, merchandisinga salduko dute. Ildo honetik abiatuta, Aspanogiko kideek lasartearrei euren "elkarkidetza" gorapaitu nahi izan diete, geroz eta herritar gehiago ikusten baitute hura soinean daramatelarik. Horrekin batera, gaineratu dute txapelketa egunean, parte hartzaile guztiek (entrenatzaileek, jokalariek eta arbitroek) pirata zapia eramango dutela; elkartearen sinboloa.

Aurkezpenarekin amaitzeko, Aspanogi Elkarteak Texas Lasartearrako Ikerri bere "prestutasuna" eskertu nahi izan dio hasieratik ekimenarekin bat egin izan du-eta. Bere aldetik, Ikerrek beraien "eremutik", hots, futboletik abiatuta, beti laguntzeko prest daudela gaineratu du. Hori ez ezik, adierazi du hilaren 26a "ongi pasatzeko eta kontzientziako" eguna izango dela.

Zelaitik haratago 

Txapelketa egunean, Aspanogik jakinarazi du olana bat ipiniko dutela harekin argazkiak egiteko. Gerora, imajina horiek sare sozialetan igotzea eskatu dute, noski, elkartea etiketatuta. Azken batean, irudi horiekin jardunaldiaren oihartzuna zabaldu nahi da Lasarte-Oriatik at, egunaren nondik norakoak orotariko jendeari ailegatu daitezen. Hortaz, futbol talde guztiek erretratu hori egingo dutela esanda, antolatzaileek gonbita herritar guztiei zabaldu dute.