Patxi Ibarguren, Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakariak azaldu du, Hazilan+ bezalako programak "estrategikoak" direla mankomunitatearentzat enpleguaren ikuspegitik: Aurreko aldietan (2015-2023) ere aurrera eraman izan dute, eta harrera "oso ona" izan du. Gaineratu du, eremuko enplegu datuek horrelako egitasmoak sustatzen jarraitzea beharrezkoa dela erakusten dutela: "Datu horien arabera, Beterri-Buruntza osatzen duten sei udalerrietako langabetuen ehuneko handi bat kualifikazio txikiko pertsonei dagokien arren, goi-mailako ikasketak dituztenen pertsonen ehunekoa ere handia da. Era berean, jarduera tasa txikiagoa da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Horrek guztiak adierazten du Hazilan+ bezalako programak inplementatzeko beharra dagoela, bultzada txiki bat eta laguntza eman baitiezaieke hartzaileei lan merkatuan lehen aldiz sartzeko edo berriro ere txertatzeko. Horregatik Mankomunitatetik 2024 eta 2029 bitartean egitasmo hau garatzeko konpromisoa hartu dugu.” Aurtengo edizioak ere “harrera eta emaitza onak izatea” espero du lehendakariak.
2025ean bi ibilbide eskainiko ditu egitasmoak. Batetik, Lorpen, lan merkatuan zuzenean sartzeko banakako ibilbidea. Lanpostua berehala lortzeko gaitasun nahikoa erakusteko gai diren pertsonei zuzenduta dago. Bestetik, Osatu, talde saioak dira lan merkatuan eskatzen diren trebetasunak lortzeko eta ibilbidea enpresako praktikekin osatzen da. Taldeko ekimenean parte hartzeko deialdia ireki du mankomunitateak eta interesa duenak hilaren 22ra arte eman dezake izena.
Osatuformakuntza programaren xedea da gaitasun sozio profesionalak eta zeharkakoak hobetzea eta ahalduntzea, horretarako gaur egun enpresetan lan egiteko beharrezko tresnak eskainiko dizkiete partaideei. Era berean, lan aktibazioa sustatzeko, ibilbidean zehar laguntza prozesuak eskainiko dira. Lanbide gaitasuna hobetzeko gakoetako bat esperientzia hartzea dela jakinda, enpresetan praktikak egiteko aukera ere eskainiko zaie onuradunei. Saioak maiatzaren 9tik ekainaren 16ra bitarte izango dira. Ondoren, parte hartzaileek enpresetan praktikak egin beharko dituzte, bi eta bederatzi hilabete arteko epean.
Langabezian Dauden Pertsona Kualifikatuentzat
Hazilan+ laneratzeko proiektu bat da, langabezian dauden pertsona kualifikatuei zuzendua, adina kontuan hartu gabe. Prestakuntza izan arren, kolektibo horrek zailtasun bereziak izan ditzake lan merkatuan sartzeko, bai esperientzia ezagatik, batez ere berriki amaitutako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, edota gaur egun enpresek eskatzen dituzten zeharkako gaitasun eta trebetasunik ezagatik. Beraz, langabezian dauden, edota titulua lortu berri duten pertsonei (erdi mailako eta goi mailako LH, unibertsitate-gradua edo unibertsitate ondokoa dutenei), aurretiko lan esperientziarik edo lanbide profilari lotutako esperientziarik ez dutenei zuzendua dago. Programak arreta berezia jartzen du, halaber, geldialdi baten ondoren lan merkatura itzuli nahi duten emakumeengan, kasu gehienetan zainketa lanetan egon direlako.
Bertan parte hartu ahal izateko, beraz, ondorengo baldintzak betetzea beharrezkoa da: Beterri-Buruntza eskualdeko herriren batean erroldatuta egotea, langabezia egoeran egotea eta erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketako zikloa, unibertsitate gradua edo unibertsitate ondokoa amaituta izatea.
Interesdunek informazio gehiago eska dezake enplegua@beterriburuntza.eus helbidera idatzita eta izen emateak formulario honen bidez egin ditzateka.