Beñat Garcia Escribano, fibromialgiaren oihua Gipuzkoatik zehar eramateaz harro

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 27a, 12:45

Beñat Garcia Escribano, Lasarte-Oriako erdialdera iristen.

Fibromialgia Gipuzkoako mapan jarri duen itzulia egin du Beñat Garcia Escribanok. Harekin hitz egin dugu 'Fibromialgia abordatzen' egitasmoaren barruan burututako 200 kilometrotako erronka nola joan den jakiteko

Erronkako biharamuna pasata erronkaren irakurketa positiboa egin du Garciak, "ikaragarri ondo joan zen guztia. Pozik eta harro nago egindakoarekin. Lanak fruituak eman eta Gipuzkoa osoan zehar oihu egin dugulako, jendeak entzun gaituelako eta fibromialgia mapan jarri dugulako". 

Hilaren 21ean Donostiako Bulebarretik atera zen eta bertan jende pila batu zela azaldu digu: "Pasilloa egin zidaten bulebarretik atera nintzenean, soinua eginez. Oso hunkigarria izan zen".

Ez zuen bidea bakarrik egin laguntzaile talde bat izan zuen eta jendea ere animatu zen berarekin bidea egitera: "Hamargarren kilometroan hasi zen jendea batzen, Lezoko Mendi taldeko kide batzuk izan ziren eta bidean zehar ere beste puntu batzuetan izan zen jendea.

Lasarte-Orian harrera berezia

Garcia goizeko seiak jota iritsi zen Lasarte-Oriara eta bertan ongi etorri berezia jaso zuen pirata moreak.

Azaldu duenez, "Lasarte-Oriatik igarotzean, espero nuen bezala familia eta lagunak bildu ziren. Ez zen ordu ona goizeko bostak eta seiak aldera igaro behar nintzen. Baina bildu zen taldetxoa bengalekin eta suziriekin irudi eta animo ederrak eman zizkidaten. Ehun pertsona bezala kontatu zuten".

Bidean arazo handirik izan ez zuela adierazi digu Garciak, "momentuan irtenbidea eman ahal zitzaizkien gauzak". Hala nola, oinetan zauriak egitea edo tripak platano eta zopa bakarrik onartzea.

Amaiera hunkigarria

Horiei aurre egin eta Asteasura ongi babestuta iritsi zela jakitera eman digu: "Tolosa igarotzean nire atzean jendea biltzen joan zen eta Villabona pasa ostean, Asteasurako bidean ehunera edo iritsiko ginen". Asteasuko plazan zuen helmuga pirata moreak eta harrera "oso hunkigarria eta ikaragarria" izan zela aipatu du: "Plaza jendez beteta zegoen. Aurreskua dantzatu zidaten, txapela eman... Oso hunkigarria izan zen eta pozik nago".

Erronkaren oihartzuna handia izan bada ere, Garciak aipatu modura, "Gurpila ez da etengo, indarrak uzten duten arte. Ez da azken erronka izango". Eta horren harira, aurreratu duenez, Gipuzkoako itzuliaren gaineko dokumentala prestatuko dute.

Azkenik, eskerrak eman nahi izan die babesle izan dituen udal eta merkatariei eta era berezian, erronkan laguntzaile eta atzeko lan guztietan egon direnei ere: "Ezinbestekoak izan dira erronkan zehar eta perfektu egin dute".