Celestino Rivera: "Asko erlaxatzen nau egurra taillatzeak"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 21a, 08:00

Celestino Rivera, egin berri dituen bi lanak erakusten, lantegi gisa erabiltzen duen garajean.

Orduak eta orduak igarotzen ditu tailer bihurtutako garajean Celestino Riverak (Alaraz, Salamanca, 1943). Bere ekimenez edo norbaiten enkarguz izan, lan ederrak burutzen ditu batez ere zura (haritzarena edota pagoarena) edota beira erabilita. Urte batzuk dira TXINTXARRI bere txoko kuttun horretan azkenekoz izan zenetik, eta itzuli egin da, Celestino bera erredakzio taldearen bulegora abisua ematera joan ostean. Bukatu berri ditu bi lan: haurrak eta hegaztiak dituen mural bat, batetik; eta Biyak Bat adinekoen egoitzan jarri duten ispilu bat, bestetik.

"Asko erlaxatzen nau egurra taillatzeak", kontatu du berak margotutako garajearen pertsiana igo berritan –sagar gorri bat berde koloreko hesiaren erdian, eta fruta horren barruan, har txuri bat, jakia alde batetik bestera zeharkatzen–. Nabaritzen da "izugarri" entretenitzen dela egurrezko lan, ispilu eta bestelakoak egiten, tailerrera sartu eta ia txoko guztietan dituelako lanak zintzilikatuta: 1936ko gerra garaian lehendakari izan zen Jose Antonio Aguirre erbestean nola bizi zen erakusten duen koadro bat, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Orfeoiaren ispilu bana eta baita kalean edota mendian ibiltzeko makil sorta dotore bat ere.

Mende erdiz Lasarte-Orian

Gogotik lan egin zuen Riverak han eta hemen, 60 urterekin jubilatu arte. Besteak beste soldatzaile aritu zen eta "edozer" soldatzeko makinak tailerrean gordeta ditu oraindik, tarteka-marteka erabiltzen dituenak: "Zerbait soldatzea behar baduzu, ekarridazu eta egingo dut", esan dio kazetariari. Auskalo zenbat pertsonari proposatu dien gauza bera.

Alaraz herrikoa da jaiotzez baina gazte etorri zen Euskal Herrira: Ordizian bizitzen hasi zen 21 urterekin, eta baita lanean ere, Aristrain lantegian. "Ikasketa askorik ez nuen, oinarrizko hiruzpalau gauza nekizkien, baina azkar ikasi nuen lanbidea eta lehen mailako ofizial bihurtu nintzen", gogoratu du. Egun batean iragarki bat ikusi zuen El Diario Vasco egunkarian: "Luzuriaga fabrikan soldadoreak behar zituzten eta hara joan ginen proba egitera lau langile: Errenteria, Hondarribia eta Valladolideko bana eta ni". Dagoeneko han lan egin zutenen pare edo "are hobeto" jardun zen Rivera, eta berehala kontratatu zuten. "3.282 pezeta irabazten nituen hilero aurreko lanbidean, eta, Luzuriagan, 4.700. Ez nuen bitan pentsatu".

Lana izan da herritarraren bizitzako zutabeetako bat, eta bestea, "garrantzitsuena", Mari Amparo Chocarro emaztea. Bata zein bestea Donostiako Moraza kalean bizi ziren ezagutu zirenean eta 1973an etorri ziren Lasartera bizitzera, hurrengo urtean ezkontzeko. Txartel hotelaren atzoko etxeetan erosi zuten pisu bat eta Salamancatik etorri ziren Riveraren gurasoak beraiekin bizitzera, baina lankide zuenetako batek honakoa esan zion: "Toki ona da baina aldapatsua, egunero lanera joateko jaitsi eta igotzen ariko zara? Eta familia duzuenean? Bizitoki erosoago bat beharko duzue". Hori horrela izanik, orduan eraiki berri zegoen Sasoeta auzoko inguruak gustatu zitzaizkion Riverari eta apartamentuetako bat libre zegoela jakinda, Aralar plazako 1. zenbakira mugitu ziren, gaur egunera arte. "51 urte daramatzagu herrian bizitzen". Urtean zehar, hori bai, jaioterrira itzultzeko tarte bat hartzen du beti.

Etxetik gertu du garaje-tailerra Riverak, Andatza plaza pasa eta Sasoeta ibilbidearekin bat egiten duen iskinan. Lehen esan bezala, urte hauetan guztietan egindako lan ugari eta soldatzeko tresneria gordetzen ditu, baina baita gai eta mota guztietako liburuak ere, eskuekin lanak egitea bezainbeste edo gehiago gustatzen baitzaio irakurtzea. Bere bildumako lan kuttunenetako bat hartu du eskuetan, historian zehar Aita Santu izan direnen errepasoa egiten duena, eta, TXINTXARRI-rekin egoteko hartu duen tarte guztian bezala, horri lotutako pasadizo eta anekdotak kontatu ditu. Eskuekin bezain trebea da mihiarekin.

Erlazionatuak

Picassoren 'Gernika', zumar-egurrean

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 04 Kultura

Celestino Rivera, garajea sorleku

Txintxarri Aldizkaria 2015 aza 09