Celestino Rivera, garajea sorleku

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 9a, 18:44

Celestino Riverak gauza eta tresna asko gordetzen ditu Sasoeta auzoan daukan garajean, baina sortu ere bai. Bertan dauka tailertxoa, eta material asko landuz artelanak egiten ditu. Egurrean egindako hiru lauburu erakutsi ditu gaurkoan.

Egunean 6-7 ordu igarotzen ditu Celestino Riverak (Alaraz, Salamanca, 1943) Sasoeta auzoko tailerrean. Mende erdia darama herrian bizitzen, eta zenbaezinak dira tarte horretan sortu dituen eskulanak. Egurrean egindako hiru lauburu dira azkenekoak. Harro erakutsi ditu horiek gaur, prentsaren aurrean.

Ingalaterrara bidaiatuko du lauburu horretako batek. "Lagun batek egin dit enkargua; Ingalaterran dauka alaba, eta hari oparitu nahi dio", azaldu du Riverak. 'Euskadi' hitza gehitzeko eskatu dio lagunak. Beste bat Salamancako elkarte batetik eskatu diote, eta hirugarrena semeari oparitu dio gaur, bazkalorduan.

Tailerraren egoera ere erakutsi du Riverak. Egurrezko beste lauburu bat prestatzen ari da, baita harrizko bat ere. Beste mota bateko artelanak ere egiten ditu, ordea: "Jendeak zabor edukiontzien inguruan uzten dituen ispiluak hartu eta apaindu egiten ditut", zehaztu du Riverak.