ZOZKETA

Maite Zaitut jaialdirako lau sarrera bikoitz zozkatuko ditugu gure irakurleen artean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 14a, 08:00

Hiru sudurgorriak omentzeko festa erraldoia maiatzaren 3an aurrera eramango dute BEC aretoan, 17:00etatik aurrera. Ekimen horretaz gozatzeko aukera paregabe bat dute TXINTXARRI aldizkariaren irakurleek, izan ere, herri komunikabide horrek lau sarrera bikoitz zozkatuko ditu laster. Izena emateko azken eguna hilaren 31 izango da, astelehena. Anima zaitezte eta zorte on!

ZOZKETAN PARTE HARTU NAHI DUT

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei herri omenaldia egiteko "ikuskizun paregabea" antolatu du Maite Zaitut jaialdiko lantaldeak: musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, arte plastikoak, bertsolariak... eta, nola ez, ikus-entzuleak. Barakaldoko BEC aretoan 14.000 pertsonaren bihotzak jarri nahi dituzte taupaka eta gogorarazi dute salgai daudela ikuskizunerako sarrerak, pistarako edota harmailetarako. Biek ala biek 16 euro balio dute (kudeaketa gastuak barne) eta nikeremaitezaitut.eus webgunean eskura ditzakete emanaldi historiko hori zuzenean bizitu nahi dutenek. Antolatzaileek jakinarazi dute zenbakitu gabeak direla tiketak.

Sudurgorrien 37 urteko ibilbidea aintzatestea izan da ekimena antolatzeko arrazoietako bat, eta, bestea, Maite Zaitut abesti ospetsua kaleratu zutenetik bi hamarkada bete direla aurten. "Belaunaldi osoak hezi dituzte euren abestiek, irriek eta maitasunari buruzko ikuspegi unibertsalak!", nabarmendu dute. Adin tarte guztietako pertsonak gonbidatu dituzte parte hartzera, izan ere, "haur izan ginenok heldu bihurtu gara, baina pailazo hauek oraindik ere gure barneko haurrarekin konektatzen gaituzte". Horregatik, eta, batez ere, "maitatzen zekien herriari 'maite zaitut' esaten erakutsi diotelako", eskerrak eman nahi dizkiete: "Omenaldi honetan, sudur gorriak jantzi eta haien irakaspenak eta utzi duten arrastoa topatuko ditugu elkarrekin. Orain, gure txanda da: bihotzez esan diezaiegun 'maite zaitut', denok batera".

Artista gonbidatuak pixkanaka-pixkanaka iragartzen ari dira antolatzaileak, eta, nola ez, lasarteoriatar batzuk animatu dira herri omenaldian parte hartzera: Intza Alkain ilustratzailea, Sara Etxeberria Basoko Maxuxta ilustratzailea edota Semblante Andaluz elkarteko Semblante Rociero korua. Bestalde, ikuskizuna buru-belarri prestatzen ari den gidoigileetako bat da Ane Labaka idazle eta bertsolaria. 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Maite Zaitut (@nikeremaitezaitut)