Aintzatespena iragarri eta horren gaineko xehetasunak emateko prentsaurrekoa aurrera eraman du Maite Zaitut Elkarteak gaur goizean. Jalgi Kafe Antzokian izan da, eta bertan izan dira aipatu elkarteko kide Amagoia Mujika eta Nerea Godoy, ikuskizuneko gidoilari lanak egingo dituen Ane Labaka bertsolari eta sortzaile herritarra, eta ekimenaren zuzendari artistiko Agurtzane Intxaurraga.
Mujikak hartu du hitza lehenik, eta ospakizunaren gainean hitz egin die bertaratu diren gonbidatu eta entzuleei. Azaldu du maitatzen zekien herriari maite zaitut esaten irakatsi zietela Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, eta, nabarmendu, dagoeneko ereserki bilakatu den Maite zaitut abestiak hogei urte beteko dituenean, sudurgorriek merezi duten maite zaitut ozena eskaintzeko herri omenaldia izango dela.
Esku askotara jositako ikuskizun "hunkigarri eta dibertigarria" izango dela iragarri du, eta, gaineratu, denok haur bilakatzea izango dela helburua, sudur gorria jantzi eta pailazoen unibertso magikora jauzi egiteko. Hori esanda, ohartarazi du maiatzeko ikuskizunean, oholtzan ez direla pailazoak ariko; horiek, oraingoan, publiko izango direla.
Sudurgorrien ibilbidea
Mujikak gogora ekarri du 1987. urtean ekin ziotela euren ibilbideari, eta horrekin batera, azpimarra egin dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsek belaunaldi askori utzi dioten arrastoari: "Jendarte oso bat eraikitzeko oinarri eta zimenduak jarri dituzte". Euskarara etorri direnak beso zabalik jaso dituztela ere adierazi du, baita mapen aurrean pertsonak lehenetsi dituztela ere. Aniztasunaren bandera guztiak haizatu dituztela ere ez du aipatu gabe utzi.
37 urte hauetan guztietan Katxiporretako pailazoek "mundu ikuskera bat" landu dutela apatu du gero: "Haien ikuskizunen bitartez pailazogintza irauli dute, eta gaztetxoenak munduari begiratzeko modu horretan hezteko aitzakian, tresna eraldatzaile eta pedagogiko bilakatu dira helduontzat ere".
Beraz, egindako ekarpenak guzti horren trukean, "tamaina bereko eskertza" gorpuzteko, eta sudurgorriek hainbat eta hainbatetan abestu duten moduan, eman eta jaso logikari kolektiboki erantzuteko antolatu dute omenaldi jaia.
Musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, arte plastikoetako sortzaileak, bertsolariak nahi bestelako diziplinetako artistak batuko dira ekimenean. Ez dira faltako orain arte pailazoen bidelagun izan diren elkarteen eta norbanakoen ekarpen bereziak.Zirraraz eta alaitasunez betetako ikuskizun bat iragarri dute.
Zuzendari artistikoaren erronka
Ikuskizunaren zuzendari artistikoa den Agurtzane Intxaurragak hartu du hitza gero, eta argitu, pailazoek sortzen duten atmosfera berezi hori bueltan ematea dela erronka: "Ikuskizun eder bat izango da, diziplina anitz bilduko dituena. Dibertigarria bezain dinamikoa eta hunkigarria. Ez da pailazoen ohiko emanaldia izango; haiek oholtzatik eta publikotik aintzatetsiak izango dira. Baina sudurgorriei ikasitako mundu ikuskeratik, Euskal Irritik bihotzez jositako ikuskizuna eskaintzea da xedea". Azaldu du berarentzat "errazagoa" litzatekeela Lasarte-Oria 14.000 pertsonekin betetzea eta herrian barrena egitea festa erraldoia, baina ahalegin guztia egingo duela BEC bezalakoa "edukiontzi huts bati" poetika, zirrara eta bizipoza emateko.
Ane Labakak, berriz, adierazi du "ilusio handiz" jaso zuela gidoilari lanetan aritzeko proposamena, eta "motorrak berotzeko", berak sortutako testu bat irakurri die bertaratu direnei. Jarraian duzue entzungai.
Agerraldia amaitzeko Maite Zaitut Kultur Elkarteko Nerea Godoyk hartu du hitza; ekimenerako sarreren salmentaren gaineko informazioa zabaldu du. Ostiral honetan, hilaren 29an, jarriko dituzte salgai 11:00etan. Horiek sarean erosi nahi dituenak honako web ataria erabili beharko du: www.nikeremaitezaitut.eus. Sarrera fisiko batzuk ere salgai jarriko dituztela jakinarazi du; horiek, Durangoko Azokako zenbait postutan eskuratu ahal izango dituzte interesdunek. Horietako bakoitzaren prezioa 15 eurokoa izango da (sarean erosten direnei kudeaketa gastutxo bat gehituko zaie).
Amaitzeko, pailazoekin modu bateko zein besteko bizipenak izan dituzten euskal irritar guztiei dei egin diete maiatzaren 3an, 17:00etan aurrera eramango den herri omenaldira joan daitezen.