"Oztopoak oztopo, une erabakigarri batean gaude", nabarmendu zuten Sareko kideek: "Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea emateko baldintzak daude". Testuinguru horretan jarri dute Sare Herritarrak egingo duen X. Batzar Orokorra, hilaren 22an, Hernaniko Biteri kultur etxean. "Noraino iritsi garen, non gauden eta zer falta zaigun denon artean hausnartu behar dugu, beraz, gonbidatuta zaudete denak". Gehitu zuten "beharra" dutela auziari konponbideari irtenbidea emateko, baita "herri honetan eman diren biolentzia guztien biktimen aitortzari ere". Norabide horretan, "eremu guztietan eragin beharra" azpimarratu zuten: "Kalean, zer esanik ez!".
Euskal preso, iheslari eta deportatuen senideak ere oroitu zituzten joan den ostiraleko ekintzan. Bereziki, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi herritarrak, egun horretan bete baitziren 22 urte Juankar Balerdi bisitatzera joan (Almeriako espetxera) eta bidean hil zirela, auto istripu baten ondorioz. Eguerdian ekitaldi bat aurrera eraman zuen EH Bilduk, bi pertsona horiek gogoratu eta euren memoria "errekonozitua" izatea eskatzeko.