"35 urte pasa dira mota askotako sufrimenduak sortu dituen salbuespenezko dispertsio politika indarrean jarri zutenetik" kritikatu du EH Bilduk, eta, gaineratu, "borroka askoren ondorioz", dispertsio politika horri "buelta ematea lortu" dela. Hitzok esanda, Jabi Gallaga azken preso politiko lasarteoriatarraren egoera ahotan izan dute: "Etxetik 10 kilometrotara dago, Martutenen, eta ezin esanezko poza sortzen digu horrek". Hala, hori EH Bilduk nabarmendu du horrek ez duela esan nahi oraindik orain "zauri handiak sendatu gabe" geratzen ez direnik, eta horren adibide gisa aipatu ditu, hain zuzen ere, Argi eta Iñaki.
Aipatu bi herritar horiek bizia galdu baino, horiei bizi kendu zietela azpimarratu nahi izan du, eta honako adierazpenok egin: "Erruleta errusiarrera jokatzera behartzen zaituztenean, batzuk bizitza galtzea ez da ausazko kontua, inondik ere ez, ziurtasun estatistikoa baita joko sadiko horretan batzuk hiltzea". Ohartarazi du, gainera, dispertsio politika diseinatu eta babestu zutenek bazekitela hori, "kontu estatistiko hutsa" delako. Hala, aipatu bi herritar horiek bezala, dispertsio politikaren ondorioz bizia galdu zuten beste hamalau lagunak ere gogoan izan ditu.
Memoria errekonozitzeko aldarria
Iturralde eta Balerdiri gertatutakoak "atzera bueltarik ez" duen arren, horien memoria errekonozitua izatearen beharra aldarrikatu du, eta honako galdera hauek egin: "Noiz arte egongo da Argi eta Iñakiren memoria isildua? Noiz arte egongo da dispertsio politikak eragindako hamasei biktimen sufrimendua erreparatu gabe? Ildo horretatik, salatu du errepidean hil diren hamasei senide eta lagun horien memoria aitortua izateko eskubidea urratzen ari dela.
Gauzak horrela, aipatu alderdi politikoarentzat herrian dispertsio politikaren biktima horien memoriari eta familiari egiten zaien bazterkeria ez da ulergarria, ezta onargarria ere: "Gertatutakoaren egia mosaiko handi bat izan behar da, egia ezberdinez osatutakoa. Egia guztiak maila berean ikusarazi eta errekonozitu behar dira gizartearen aurrea, bai kalean eta bai instituzioetan.
Agerraldia amaitu aurretik nabarmedu du "herritar guztien eskubideekiko ardura izateko unea" dela. Halaber, biktima ororentzat, salbuespenik gabe, eta, noski, Iturralde eta Balerdirentzat ere "egia, justizia, erreparazioa eta diskriminatuak ez izatea galdegin du.