Hilaren 21ean elkartu ziren herriko zenbait gazte Xirimiri elkartean, lehen aipatutako egun berezi hori ospatzeko. Independentziara egin beharreko bideaz gogoetatzeko asmoz, gazteek hainbat testu ozenki irakurri zituzten. Era berean, bertaratutakoei autodeterminaziorako prozesuaren zenbait uneren argazkiak erakutsi zizkieten, erakusketa batean: Kataluniako prozesu independentista, Altsasuko gazteekin gertatutakoa, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna, eta abar. Ondoren, herrian barrena karropoteoan aritu ziren, elkartera itzuli eta afaltzen hasi zirenera arte. "Eguna oso ongi joan zen eta horri buruzko balorazio positiboa egin dugu. Gainera, oraindik askoren hitz egitea falta zaigun arren, badakigu beste udalerri batzuetan ere oso onak izaten ari direla erantzunak; oso pozik gaude".
Programa horretan, ordea, izan zuten aurreikusi gabeko zerbait, izan ere, VOX alderdi ultraeskuindarrak Okendo plazan postua jarriko zuela jakin zuten eguerdian. Horren aurrean, Ernaikoek baloratu zuten eragile horrek "erantzun" egin behar diela "joera faxistak zabaltzen dituztenei". Horregatik, beste herritar batzuekin batera, manifestatu egin ziren iluntzean, enparantza horretan bertan. "Pozik gaude, agerian utzi baitugu indarra dugula VOX bezalakoei erantzuteko; horrelako jarrerak ezin ditugu normalizatu, ez gure herrian, ez inon".
Apirilean, Berriozarrera
Testuinguru horretan, Ernaiko kideek tresna gisa erabili nahi dute independentzia, "faxismoaren eta neoliberalismoaren oldarraldiari aurre egin eta erantzuteko". Asmo hori apirilaren 17tik 20ra gorpuztuko dute, Berriozarren aurrera eramango duten Gazteon Eskutik, independentziara ekimenaren bidez, "independentzia delako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzeko bide bakarra". Apustu "indartsua" egin dutela jakinarazi du Agirrek: "Lau eguneko topagune bat egingo dugu, eta, azkenekoan, Aberri eguna ospatuko dugu. Egun horretan ere kanpalekuan lo egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek, hortaz, aurtengoa luzeagoa eta osoagoa izango da".
Udaberrian egiten duten gazteen elkargune horrek forma ugari izan ditu urteen buruan eta aurtengoa prestatzerakoan independentzia sen eta grina horretan jarri dute fokua. Topaketa jendetsu hori erabiliko dute, besteak beste, Aitor Zelaia eta Galder Barbado Ernaiko kideen aurkako epaiketari erantzuteko: "Bi gazte soilik ez, mugimendu independentista osoa epaitu dute", azaldu du Agirrek. "Erakutsiko diegu ez daudela bakarrik askatasuna lortzeko bidean, Euskal Herri osoko gazteak ere bagaudela; aldarri hori lau haizetara zabaltzen ari gara azken hilabeteetan".
Lau haizetara zabaltzen ari dira baita ere Gazteon Eskutik topaketaren egitaraua. Hitzaldiak (belaunaldi berriei zeharka edota zuzenean eragiten dieten problematika ugari landuko dituzte, hala nola etxebizitza krisia), tailerrak eta kontzertuak ez dira faltako: "Protagonismoa sortzaile, artista eta hizlari gazteei emango diegu". Programa luze eta zabal horretako ekimen zenbait azpimarratu ditu Agirrek, adibidez, Ikama ikasle antolakundeko arduradun nazionalek egingo duten solasaldia, mugimendu hori unibertsitatera ere zabaldu izanari buruz.
Berriozarrera joateko bonuak salgai jarri ditu Ernaik dagoeneko eta topaketa osorako zein jardunaldi bakoitzerako txartelak eros ditzakete interesa dutenek. Horri lotuta, Agirrek aurreratu du tematika jakin baten bueltan aurrera eramango dutela egun bakoitza: presoak, familiak... Horri lotuta, Lasarte-Oriako Ernaiko ordezkariak jakinarazi du Buruntzaldeko udalerrietako gazteak topaketara joateko autobusak antolatuko dituztela eta izena ematen dutenen araberakoak izango direla erabiliko dituzten ibilgailuak. Txartelak erosteko egunak, tokiak eta gainerako xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzte. Halaber, zehaztu du asanblada ireki bat egingo dutela Xirimiri elkartean, apirilaren 4an, bi aste geroago Berriozarrera joatekoak direnekin, bertan igaroko dituzten egunetan egingo dutena antolatzeko. Hitzordu horri buruzko nondik norakoak ere datozen asteetan jakinaraziko dituzte.