'Earrak' izan dira afaria eta bertsoaldia

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 27a, 12:00

Sabelak bapo bete ostean logura zantzurik ez zuten izan hilaren 21ean Ttakunenea elkartean elkartu diren dozenaka pertsonek. Ikus-entzuleak adi eta erne mantentzeaz ederki asko arduratu ziren Earra! bertso eskolako kide Maddi Lasa, Araitz Ramos, Kattalin Lizarraga eta Leire Ormazabal. Luken Garmendiak jarritako gaietan oinarritutako euskarazko hitzak eta errimak, horiek izan ziren parean zituztenak gatibatzeko erabili zituzten lanabesak.

Euskararen unibertsoko baliabide linguistikoen aurretik erabili zituzten beste tresna batzuk, mahaikoak, sardeskak eta labanak, plateretako jaki goxoak ahora eramateko: olibak, fueta, natxoak guakamolearekin, txerri saiheskiak labean erreta eta entsalada. Postrerako, klasiko bat, Comtessa tarta izoztua.

Bertso afaria, lankidetzan

Ttakunenea elkarteko bertso afaria Earra! bertso eskolako kideek eta Ttakun Kultur Elkartearen aisialdiko programetako bat den Faktoriako partaideek aurrera eraman zuten, lankidetzan, helburu nabarmen batekin: herritarrentzat, gazteentzat batez ere, gozagarria egitea euskara, baita informalagoak eta lagunartekoak diren esparruetan ere.

Mahaien bueltan bildu zirenetako asko nerabeak zirela kontuan izanda, bertsolariei jarri beharreko gaiak adin horretakoen kezketan ardaztu zituen Garmendiak: esate baterako, unibertsitatera sartzeko proban, selektibitatean. Hasierako ohiko nerbioak menperatu eta baretuta, gozatzeko moduko eta digestio errazeko saio polita eman zuten Lasa, Ramos, Lizarraga eta Ormazabalek. Gustura geratu ziren guztiak, antolatzaileak ere bai, eta, ondo bidean, datozen urteetan errepikatzeko asmoa dute.