"Akordio honek gure konpromisoa indartzen du euskara Lasarte-Oriako eguneroko bizitzan normalizatzeko", azpimarratu du Valdiviak. "Errazten dugu hizkuntza hori hainbat eremutan egotea, erabiltzeko espazio eta aukera gehiago eskainita". Antzera mintzatu da Alkorta ere: "Elkarlan honi esker, herritarren hainbat sektoretara irits gaitezke, haurtzarotik helduarora arte; euskara sustatu dezakegu aisialdian, kulturan eta hezkuntzan". Lankidetza hitzarmena sinatu dutenek zehaztu dute zazpi programatan banatzen dela akordio hori. Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak gauzatuko dituzte, elkarlanean.
Zentzu horretan, aurtengo ituneko berrikuntza nagusia Euskaraldiaren laugarren aldia antolatzea izango da. Hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa hori maiatzaren 15etik 25era aurrera eramango dute Euskal Herri osoan eta baita gure udalerrian ere, jakina. Dagoeneko martxan jarri dute koordinazio gunea, eta, 11 eguneko astindu horrez gain, jarduera gehiago egingo dituzte aurretik eta ondoren.
Gazte eta Amaraun klubak ere lagunduko ditu diruz udalak. Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrei "aisialdiko jarduera erakargarriak" eskainiko dizkiete, euskaraz aritzeko ohitura indartzeko helburuarekin. Kuadrillategiren bidez, helburu hori bera lortzeko lan egingo dute, baina Bigarren Hezkuntzan ari diren nerabeekin lan eginda, eremu informaletan hizkuntza horretan hitz egin dezaten. Familiaren bidez euskara transmititzea izango da beste lan ildoetako bat. Xede hori GurasoLeku egitasmoaren bidez erdiesteko lan egingo dute eta ekimen ugari antolatuko dituzte Haur Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoentzat. Solaskideren bitartez, aldiz, elkartuko dituzte euskaraz hitz egiteko ohitura eta erraztasuna ez duten herritarrak ezaugarri horiek berak dituztenekin, kurtsoan zehar "mintzapraktika" saioak antolatuta.
Bestalde, euskara sustatzeko alor garrantzitsuenetako bat kultura dela sinetsita, Euskara eta kultura, eskutik egitasmoa ere garatuko dute hitzarmenaren barruan: euskaraz izango diren kultura jarduera jakin batzuk antolatuko dituzte.
Udalaren eta Ttakun KEren arteko hitzarmeneko zazpigarren egitasmoa TXINTXARRI aldizkaria da, 1993ko urritik herrian gertatzen denari buruz euskaraz eta gertutasunez informatzen ari dena. Zeregin hori, gaur egun, bi euskarriren bidez aurrera eramaten du: paperezko astekaria (ikasturte bakoitzean 41 zenbaki argitaratzen ditu lantaldeak, herri osoan banatzen dituenak gero) eta www.txintxarri.eus atari digitala (inoizko datu onenak izaten ari da komunikabidea). Erakundeak 90.000 euro emango dizkio Ttakuni, hiru hamarkada pasatxoko ibilbidea duen komunikazio proiektua aurrera eramaten jarraitzea bideragarria izan dadin.