Ostadar SKTko kideekin batera Kemen taldeko bost ordezkari ere izango dira lehian Kirol Egokituen Euskadiko Federazioak Ostadar Inklusioarekin batera antolatutako proban. Beraz, guztira hamalau kirolari elkartuko dira kirol gunean lau maila ezberdinetan lehiatzeko: WS1A –motorrezko aulkia erabiltzen dute–,WS2M –oinekin bultzatzen dute aulkia–, WS4F eta WS5F.
Proba ezberdinak eramango dituzte aurrera lehiakideek. Erlojupeko proban zirkuitu finko bat eta aldagarria ahal bezain azkarren gainditu beharko dute gazteek. Banakako eliminazioa ere izango da, horretan buruz buruko lehiak ikusi ahalko dira; parte hartzaileek ibilbidea aurkaria baino azkarrago egin behar dute. Eta oraindik zehaztu gabe dagoen arren, taldeko eliminazioa ere lehiatu daitekeela aurreratu dute Ostadar SKTko arduradunek.
Ez da lehen aldia maila horretako txapelketa bat Lasarte-Orian egiten dena. 2024 urteko martxoan lehiatu zen Euskadiko txapelketa Michelin kirol gunean eta azaroan, aldiz, Ostadar SKTk eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eslalom jardunaldia antolatu zuten. Giro ederra egon zen lehiaketa osoan zehar.