Sinadurak bildu eta bildu ari da herriko pentsiodunen taldea

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 18a, 08:15

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren altzoan talde eragile bat eratu dute Lasarte-Orian. Hileroko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea babesteko atxikimenduak jasotzen ari dira eta aurreneko asteetan 840 izendapen bildu dituzte dagoeneko. Informazioa emateko eta sinatzeko mahaiak jarriko dituzte datozen egunetan eta aurkezpen bilera bat egingo dute BIyak Bat adinekoen egoitzan, ostiralean, 18:00etan. "Kalean izango gaituzue berriro, helburuak merezi duelako!", adierazi dute egitasmoko partaideek.

Bihar, hilak 19, Andatza plazako azokan izango dira atxikimenduak jasotzen, 09:00etatik 12:30era. Ostiralean, berriz, Biyak Bat adinekoen egoitzako kideengana joango dira, martxan jarri duten taldea zertan den azaldu eta beraien sinadurak ere biltzeko. Azkenik, larunbatean, mahaiak jarriko dituzte Okendo plazan, Ola kalean eta Elizatzen, 10:00etatik 14:00etara.

Hilabeteroko ordainsariak (askok ez dituzte 850 euro ere kobratzen; hamar pertsonatik zazpi emakumeak dira) Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskatzeaz gain, pentsiodunen helburua da "gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat" garatzea, 60 urtetik gorakoen "gizarte bazterketarako arriskua prebenitzeko".