Eskakizun argi bat egiteko batu dira herritarrak: pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 euro) parekatzea. Gogorarazi dute aldarrikapen historiko horrek, sei urte baino gehiagoko ibilbidea duela, batetik hainbat mobilizazio burutu ondoren eta bestetik, 150 udaletan eta Gipuzkoako Batzar nagusitan onartua izan den mozioa kontuan izanda.
Aldarrikapena egitearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko pentsionisten gaineko datuak plazaratu dituzte, eta, esan, adibidez, hiru pentsionistatik bat ez dela Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara jasotzera iristen; hau da, hilero 1.184 euro baino gutxiago jasotzen dituela.
Egoera hori irauli egin behar dela nabarmendu dute Okendo plazan bildutakoek, eta, azaldu, hori gertatu ezean, pentsiodunen pobrezia iraunaraziko dutela. Egoera horrek bereziki eragiten dien emakumeak izan dituzte ahotan; "aitortu gabeko lan erreproduktiboetan eta zaintza lanetan" aritu izan direnei. Honako adierazpenok egin dituzte gero: "Argi dago, orain arteko genero arrakala murrizteko neurriak ez direla nahikoak izan. Izan ere, 10etik 7 emakumek 850 euro baino gutxiago kobratzen baitute".
Lasarteoriatarren atxikimendua
Arestian aipatu bezala Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 100arekin parekatu eta pentsiodunen diru sarrerak osatzeko nahiaz gain, Herri Ekimen Legegilearekin gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat garatzea lortu nahi dutela azpimarratu dute, horrela pentsionisten gizarte bazterketako arriskua prebenitzeko.
Aitortu dute "erronka handia" dutela eskuartean, izan ere, 30.000 sinadura lortu nahi baititu mugimenduak. Gauzak horrela, herri gisa ekarpena erronka horri ekarpena egin asmoz bat egin dute lasarteoiratarrek ekimenarekin, eta, herritar orori dei egin diete eurak ere batu daitezen: "Hemendik herritar guztiei deia luzatzen diegu beren sinadura bitartez norberak bere aletxoa jarri dezan. Izan ere arazo hau ez baita soilik pentsiodunena, baizik eta herritar guztiona, oraingo eta ondorengo pentsiodunena, alegia. Elkarteei esan nahi diegu, gure asmoa dela eurengana iristea".
Gauzak horrela, ahalik eta babes gehien lortzeko helburuarekin, herriko zenbait auzotan egongo direla iragarri du taldeak. Hilaren 8an, larunbatarekin, Euskotren geltokian, Okendo plazan, Zumaburuko Ola kalean, Zabaletako Osiña plazan eta Jaizkibel plazan jasoko dituzte sinadurak 10:00etatik 14:00etara. Eta, hilaren 12an, berriz, Andatza plazan egingo den azokan egongo dira. Hitzordu gehiago ere etor daitezkeela aurreratu dute, eta, esan, horiek datozen egunetan jakinaraziko dituztela.
Adierazi dute sinadura biltzen mahaian egon nahi duen edo gai honen inguruan interesa duen edonor "ongi etorria" izango dela. Horretarako, honako telefono zenbakira mezu bat bidal dezakete interesdunek: 672212960.
Sinatzeko, ezinbestekoa
Taldeko kideek oroitarazi dute EAEn erroldatuta dagoen 18 urtetik gorako herritar orok eman dezakeela bere sinadura; horiei NANa eskatuko diete mahian daudenek datuak zuzen idatzita erregistratzen direla ziurtatzeko.
Agerraldia amaitzeko Xumela koruko lagunekin batera Epo itai ta ye abestia abestu eta dantzatu dute Okendo plazan bildutakoek; horien artean izan da Josu Txapartegi Txapas akordeoiarekin ere.