Herriko oihaneko altxorrei buruzko portada hautatu dute irakurleek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 13a, 08:00

Joan den urtean zehar argitaratutako aldizkarien azal onena aukeratzeko lehiaketa aurrera eraman du TXINTXARRI-ko lantaldeak. Bederatzi portada aukeratu eta irakurleei galdetu die eurentzat gustukoena zein den, horietako bakoitza 1etik 3ra puntuatzeko eskatuta. 

Bada, parte hartzeko epea amaituta eta parte hartu dutenen botoak eskuan, iazko azal onena Lasarte-Oriako oihaneko altxorrak irudikatu zituena izan da, hau da, Inauteri asteburu luze eta koloretsuaren ostean argitaratutakoa. TXINTXARRI-ko erredakzioko langileek bat egin zuten gaiarekin, horri keinu bat egin eta aste horretan NATIONAL TXINTXARRIGRAPHIC hedabide bihurtuta. Portada horrek 29 boto jaso ditu guztira.

Irakurleen iritziz onena izan den azalak baino zazpi boto gutxiago jaso ditu bigarren sailkatuak, San Pedro Jaien osteko aldizkari berezikoak. Festetako azken eguneko su festako argazki bat eraman zuen lantaldeak portadara eta bistan da parte hartzaileen arreta deitu duela.

Boto bana gutxiagorekin, berdinketa izan da hirugarren postuan. Batetik, 23. Korrikaren eta Korrika Txikiaren osteko azala aukeratu dute irakurleek, eta, bestetik, San Pedro Jaiak hasi aurreko aldizkari bereziko portada. Azken horretan aipamen berezia egin zion lantaldeak 30 urtez festen berri ematera ailegatu izanari, urte bakoitzean ateratako irudi banarekin collage berezi bat eginda.

Lehiaketa horretan parte hartu dutenen artean TXINTXARRI-ren bost aterki sorta (arrosa eta beltz bana) zozkatu dituzte eta hauek izan dira irabazleak: Nora Navarro, Imanol Galarraga, Andoni Amonarriz, Beñat Arroyo eta Mikel Izquierdo. Zorionak saridunei eta eskerrik asko ekimen honetan parte hartu duten irakurle guztiei! 

Bederatzi hautagaiak