Arratsaldeko zortzietarako bildu dira manifestari gehienak Elizatze plazan. Ordu laurden geroago ekin diote bideari, Jabi-Ibon etxera lelodun afixa eskuetan (Jabi Gallaga eta Ibon Fernandez Iradi herritarrak etxeratzea eskatzeko). Erdigunea zeharkatu eta Okendora joan dira, hilabete honetako adierazpena partekatzera ekintzara bertaratu direnekin.
Joan den urtean egindakoa errepasatu dute: "Aurrerapauso handiak eman genituen euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean". Edonola ere, nabarmendu dute "asko" dagoela egiteko oraindik, eta, horregatik, "bide horretan sakondu eta gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidea bururaino gauzatzea" eskatzeko lanean eta mobilizatzen jarraituko dute aurten ere.
Diskurtso horrekin berarekin bete zituzten Bilboko kaleak hilaren 11n, manifestazio nazional horretan "milaka eta milaka pertsonak" parte hartu zutela azpimarratuta. "Urteetan zehar euskal gizartea kolpatu duen gatazkaren ondorioak behin betiko amai daitezen eskatu genuen".
'Behin betiko etxera' abesten
Aipatutako norabide horretan urratsak egiteko grinarekin ekin dio 2025ari Sare Herritarrak: "Behin betiko etxera abestu dugu toki ugaritan: Oiartzungo bertso saioan edota Etxarriko Zama doinuz arinduz ekimenean, adibidez". Jarduera horren sustatzaileek iragarri dute azken aldia izan deloa aurtengoa, honako mezu hau zabalduta: "Mila esker, nola ez, horrenbeste urtetan euskal presoen etxeratzea doinuz arindu duzuenoi, hainbeste urtetan isilpeko lan horretan aritu zaretenoi".
Bukatzeko, beste behin nabarmendu dute "behin betiko konponbidearen alde" aldarrikapen ekintzak gauzatzen segituko dutela, hau da, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko lanari eutsiko diotela. Helburu hori erdiesteko laguntza behar dutela jakitun, eskua luzatu diete sindikatuei, alderdi politikoei eta eragile sozial nahiz politikoei. Halaber, elkarlanean aritzeko deia egin diete estamentu politiko eta judizialei ere, "salbuespen legeak amaitzearen alde lanean" jarrai dezaten. Horrekin bukatzeko, "lege aldaketak aplikatzen hastea" galdegin diete.
Hilabetero egin ohi duten moduan, Xirimiri elkarteko taberna zabalduko dute gaur gauean eta barraren atzean egongo diren gazteek bertaratzeko deia egin dute. Ondoren, gogorarazi dute sinadurak biltzen hasiko direla datorren astelehenean, Okendo plazan, 18:30ean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duen Herri Ekimen Legegilea babesteko (10.000 atxikimendu behar dituzte). Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dute proposamen hori, pentsiodunek kobratzen duten hileroko ordainsaria Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 eurokoa da aurten) parekatzea eskatzeko.