Lasarte-Oriako Udalak azalpenak eskaini ditu EH Bildu Atsobakarren gainean egindako salaketaren harira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 29a, 15:50

Atsobakar kirol gunea.

Lasarte-Oriako EH Bilduk Atsobakar kirol gunearen irekiaren gainean egindako ohartarazpenaren harira, Udalak zenbait puntu argitu nahi izan ditu prentsara bidalitako oharrean eta herritarrei lasaitasun eta segurtasun mezua helarazi nahi die

Udalak azaltzen duen moduan, Atsobakar behar bat asetzeko helburu zuen proiektua da. Hori dela eta, herritarren interesak lehenetsiz, Udalaren zein alkatearen konpromisoa izan da instalazioak ahalik eta azkarrenen irekitzearena. 

Oharrean nabarmentzen denez, administrazio-izapide bakar baten faltan, proiektuak baldintza tekniko eta segurtasun baldintza guztiak betetzen ditu.

Proiektuak atzerapen eta gora behera ugari izan dituela onartu du Udalak eta gehienak berari ez dagozkion zereginetan egon direla azpimarratu du hala nola, beste erakundeen baimena edo elektrizitate hornidura. 

Horren harira, aurreko astean Usurbilgo alkatearekin bildu eta euren udal lizentziak ahalik eta lasterren eskuragarri izango direla jakitera eman du Udalak.

Azalpen horiek guztiak gardentasunarekin eta herritarren ongizatearen aldeko elkarlanarekin duen konpromisoa berresteko egin nahi izan ditu udalak.

Era berean, udalerriari eta bertako biztanleei mesede egiten dieten proiektuak aberasteko elkarlanerako eta elkarrizketa eraikitzailea izateko deia egin die Udalak gainerako talde politikoei. Izan ere, proiektuaren aurreko faseetan EH Bilduren elkarlana faltan somatu dutela ere gaineratu du Udalak oharrean.