EH Bilduk Atsobakar kirol gunea beharrezko baimenik gabe martxan dela ohartarazi du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 27a, 15:30

EH Bilduk Atsobakar kirol gunea baimenik gabe ireki izana salatu du.

Lasarte-Oriako EH Bilduk Atsobakarreko kirol gunearen irekiera baimenik gabe eta, ondorioz, kirolarien segurtasuna bermatzeko asegururik gabe egin dela salatu du prentsara bidalitako oharrean

Oposizioko taldea  "herriko kirol talde eta kirolariek hain luzaroan itxaron duten momentua iritsi" delako pozarren agertzen bada ere, PSE-EE eta EAJk osatutako Udal Gobernuak irekiera gauzatu aurretik egin beharreko pausoak garaiz eman ez dituela eta instalazioak modu irregularrean ireki direla jakitera eman du.

Salaketa jarraian zehaztutako lau puntutan oinarritu du alderdi abertzaleak:

  • Atsobakarreko kirol gunearen irekiera beharrezko baimenik gabe egin dela eta, beraz, instalazioak modu irregularrean daudela martxan.
  • Instalazioak modu irregularrean irekitzearen ondorioz, Udalaren aseguruak ez lituzkeela estaliko erabiltzaileen balizko istripuak eta, beraz, ez dela kirolarien segurtasuna bermatzen.
  • Oraindik ez dela instalazio hauen erabilera behar bezala arautu.
  • Instalazioak oraindik erabat ekipatu gabe daudela.

Hori guztiagatik, herriko EH Bilduk alkate eta hirigintzako arduradun den Agustin Valdiviari eskatzen dio herritarrei egoera gardentasunez azaldu, hau konpontzeko urratsak urgentziaz eman eta, bien bitartean, kirolarien segurtasuna bermatzeko baldintzak jar ditzala.