Lau urte daramatza boluntario talde batek Donostian kalean bizi diren pertsonei afaria banatzen. Gauero otordu bero bat ematen diete ia 300 laguni eta azken boladan beren jardunaren kriminalizazioa jasan dute. Laguntza behar dutela ikusita, zenbait lasarteoriatarrek esku bat botatzea erabaki zuten iazko urte amaieran. Ekimena aurrera daraman boluntario taldearekin harremanetan jarri eta haien dinamika ezagututa, hilabeteko azken asteartean ardura bere gain hartzea erabaki zuten. Hori aurrera eramateko, ordea, baliabide eta elikagaiak behar dituzte: ogia, barazkiak, fruta, bestelako osagaiak... baita plastikozko poltsak, janaria garraiatzeko kaxak... ere. Ekarpena egin edo parte hartu nahi dutenei zabalik daude.
Informazioa banatzen aritu diren kideek azaldu dutenez, Kale Afari Solidarioak egitasmoari laguntzeaz harago, herritarrak saretu eta Lasarte-Orian bertan dauden gisa horretako beharrei erantzuten ahalegintzeko nahia ere badute.