Euskarazko soinu fikziozko gidoi labur onenaren saria irabazi du Idoia Garzesek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 28a, 13:33

Cafe Bar Bilbao establezimenduaren aitortza bigarrenez jaso du Idoia Garzesek (erdian). Argazkia: Tanttaka Teatroa.

Cafe Bar Bilbao tabernan antzerki laburretarako gidoiak saritu dituzte 22. urtez eta Idoia Garzes idazle lasarteoriatarrak jaso du aintzatespenetako bat, aurten berria den eta EiTB komunikazio taldeak babestu duen euskarazko soinu fikziozko gidoi labur onenarena: 'Goiuri, arazo bat dugu' izena du lanak eta 2057. urtean girotu du.

Garzesek bigarren aldiz jaso du taberna horrek ematen duen sarietako bat, izan ere, 2014an euskarazko sailekoa irabazi zuen, Buruaz norbere egin lanarekin. Oraingo honetan kutsu futurista bat eman dio Goiuri, arazo bat dugu izeneko obrari eta hiru hamarkada pasatxo geroago kokatu: "Eta urruneko galaxia batetik euskaraz hitz egiten dizun mezu bat jasoko bazenu?" galdetuta ondu du antzezlana herritarrak. Azaldu du protagonista dela "Euskal Agentzia Espazialeko astronauta bat".

Euskarazko saileko aurtengo saria Markos Goikoleak (Destiny driver lanarekin) irabazi du, eta gaztelaniazkoa, berriz, Kepa Ibarrak (La isla oxidada).

Erlazionatuak