Bidaia liburu bat idazteko egin duen bidaia kontatu du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 10:34
Garzes (ezkerrean), idatzi berri duen liburuari buruzko azalpenak ematen.

'Dei galdu bat' eleberria argitaratu berri du Idoia Garzes Aldazabal idazle lasarteoriatarrak. 16 urteko bi neraberen istorioak kontatzen ditu, Aminata senegaldarrarena eta Itsaso euskaldunarena. Idazkiaren nondik norakoak azaldu ditu kultur etxeko hitzaldi aretoan; Udal Liburutegiak antolatu du ekitaldia eta Goiatz Labandibar Arbelaitzek gidatu du saioa. 50 bat herritar bertaratu dira eta batek baino gehiagok liburua eraman du etxera, herritarraren bidaia literario horretan murgiltzeko asmoz.

"Bidaia bat da, abentura liburu bat. Esperantzarako bidea ematen duela uste dut eta irribarre batekin bukatuko dutela Dei galdu bat irakurtzeaz". Spoilerrik egin gabe, argitaratu berri duen nerabeentzako eleberriari buruzko xehetasun ugari eman ditu Garzesek, alboan zuen Labandibarren galderak erantzunda. Migrazioa bezalako gai gogor batean ardaztutako kontakizuna izanagatik, egileari ez zaio iruditzen narrazioaren tonua halakoa denik. Edonola ere, irakurle bakoitzak bere erara interpretatuko du, idazkia hartu eta leitzen duenean. "Ez dut pedagogiarik egin nahi inorekin, nire ideiak azaltzeko idazten dut eta kritikoa naiz gauza askorekin", adierazi du.

Dei galdu bat liburua hartu eta irekitzen dutenek Aminata eta Itsaso ezagutuko dituzte, 16 urteko bi nerabe, Senegalekoa lehenengoa eta Euskal Herrikoa bigarrena. Amarekin oporretan dago bigarrena, Andaluzian, eta hondartza bateko itsasertzean botila bat aurkituko du. Ontzi horren barruan dago Aminataren sakelako telefonoa; afrikar gazteak bere jaioterritik Europara egin duen bidaia kontatzen du eta gailua aurkitzen duenari erregutu mugikorra bere gurasoei emateko. Fikziozko istorio bat izanagatik, gaurkotasuna duten gai ugari jorratzen ditu Garzesek, besteak beste, migrazioarena.

Migratzailea eta emakumea

Esan bezala, Aminata (Ami) da protagonistetako bat: migratzailea eta emakumea da. "Egia esan, erreparo pixka bat ematen dit ezaugarri horiek dituen norbaiten azalean jartzeak ez dakidalako zenbateraino egin dezakedan hori, baina uste dut literaturak ematen duela horretarako lizentzia, zentzu onean". Immigrante horien bizipenak aldarrikatu ditu bere kontakizunean, gizonak ikusten ditugulako gehienetan. "Gizonek gaizki pasatzen badute, emakumeek are okerrago. Ami, adibidez, gizonez janzten da bere bidaia egiteko; ez da inozoa". 

Izenburuari erreferentzia eginda, istorioan zehar protagonistek galtzen dutenari buruz galdetu dio Labandibarrek. "Inozentzia izan daiteke, nerabezarotik helduarora pasatzeko bidaia, bizitza bera dena. Familia, lagunak... galdu baina irabazi ere bai. Txuri-beltz, positibo-negatibo, galdu-irabazi, gogorra-samurra bezalako dikotomia asko daude, kontraste horiekin jokatu dut".

Hasiera eta bukaera, argi

Buruan duena paperera eraman aurretik Garzesek "sekula" ez ditu izaten kontakizunak oso eskematizatuta. "Beti dakizkit hasiera eta bukaera, eta, tartean... ba zerbait asmatu behar dut. Pixkanaka idazten dut, intuitiboa naiz". Dei galdu bat-en kasuan Aminataren bidaiaren bizkarrezurra bazuen. "Kronika moduko istorio bat da, beste batzuetan zirrikitu gehiago irekitzen ditut, asko gustatzen zait elipsia eta denboran aurrera eta atzera egitea, irakurlea nahastea. Liburu honetan, edonola ere, ez dut hori egin, bidaia baten kontakizuna da". 

Inguruko irakurle batzuengandik jaso ditu honezkero iritziak. "Nire lagunek zer esango dute ba", bota du, umorez. "Gustura geratu naiz, dirulaguntza eman zidan Eusko Jaurlaritza eta editoreak ere bai, beraz, pozik nago". Horri lotuta, adierazi du idazketa prozesuan gehiago gozatu duela sufritu baino, nahiz eta une batzuetan "iruzurgilearen sindromea" pairatu: "Esan dizkiot nire buruari 'ez dakit idazten', hau kaka zahar bat da' eta horrelakoak, baina jakiten dut noiz ari naizen ongi eta noiz den liburu bat argitaratzeko modukoa. Hala sentituko ez banu, bekaren dirua gordetzeko esango nieke, ez nukeela ezer kaleratuko".