Artedrama teatroak Miñan antzelanaren emanaldia egin du larunbat iluntzean kultur etxean. Izen bereko liburuan oinarritutako antzezlana da, Ibrahima Baldek afrikarraren bizitzaren kronika jasotzen duena, protagonistak ahoz kontatua, eta Amets Arzallusek idatziz jasoa. Jakin-mina piztu du emanaldiak eta aretoa ia bete da Alhassane anaia gaztearen bila ("miñan" pular hizkuntzan) Europara bidea hartu behar duen etorkinaren historia ikusteko. Haurra dela, aita hil eta eskola utzi beharko du Baldek, lan egiteko. Liberiara iritsiko da eta ahal duenean lan egin. Ama gaixotzean, ordea, etxera itzuliko da anaia eta bi arreba gazteagoak zaintzeko. Hura osatzean aprendiz hasiko da kamioi batean, besteak beste, anaia txikiak ikasten jarrai dezan. Egun batean, ordea, amak deituko dio falta dela esateko eta hura bilatzeko oztopoz beteriko bidaiari ekingo dio.