"Fikziorako ez zegoen tarterik. Benetako istorio bat da, eta liburuan kontatzen den moduan antzerkiratzea zen helburua"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 17a, 08:41

Argazkiak: Ainhoa Resano

ANDER LIPUS -  'Miñan' antzezlanaren zuzendaria

Hilaren 25ean erakutsiko du 'Miñan' antzezlana, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Ander Lipus antzerki zuzendari eta aktoreak. Herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu

Ibrahima Balde ginearrak bere miñanaren (anaia txikiaren) bila Afrikatik Europara egindako bidea oholtzara ekarri du Ander Lipus (Markina-Xemein, 1971) aktore eta antzerki zuzendari bizkaitarrak. Ibrahimak berak ahoz kontatutakoa, Miñan izeneko liburuan eskuz kontatu zuen lehenik Amets Arzallus Antia idazleak, eta kontakizun hori izenburu bereko antzerki obra bilakatu du, gerora, Lipusek. 2024. urteko urriaren 25ean erakutsi zuen estreinakoz Bilboko Arriaga antzokian, eta, orduz geroztik, hango eta hemengo eszenarioetan dabiltza, antzokiak bete eta bete. 

Hilaren 25ean, 20:00etan, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean taularatuko dute (sarrerak eskuragarri dauDe), eta hitzordu hori aitzakiatzat hartuta, zuzendariarekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak. 

Noiz eta nola sortu zitzaizun 'Miñan' oholtzaratzeko nahia? Pentsatu dut, liburua irakurri osteak sortu ahal izan zizula antzerki obra sortzeko nahia. Hala izan al da?

Ez zen horrela izan. Bost urte dira, gutxi gorabehera, Miñan liburua plazaratu zela, eta nik neuk pandemia garaian irakurri nuen. Hori hala izanagatik, ez zegoen nire asmoetan antzerkira eramatea, batez ere, ez dudalako inoiz egin besteen testuetan oinarritutako halako egokitzapenik. Egia da, Artedrama konpainiak migrazioaren gaia landu duela aurretik ere oholtzan, Etxekoak eta Atzerrian lurra garratz obrak kasu; badugu gaiarekiko halako sentsibilitatea. 

Kontua da Timberlake Wertenbaker [dramaturgoa, Miñan antzezlanaren testua egokitu du] ezagutu nuela, eta elkarrekin zerbait egiteko asmoa agertu genuen; zerbait, baina ez Miñan. Liburuaren ingeleserako itzulpena berak egin zuen [Little brother], eta aipatu zidan asmoa zutela Londresen antzerkira eramateko. Antzerki idazlea da bera, hori du ogibide, eta hori esan zidanean, aipatu nion pena zela euskaraz sortutako lana, oholtzara, lehenengoz ere, euskaraz ez eramatea. Azkenean, Londresen estreinatzeko ideia hori atzeratu egin zen, eta, hori hala izanik, aipatu nion ezagutzen nituela aktore beltz euskaldunak, eta agian posible izango zela bide hori urratzea hemen. 

Planteamendu horrekin Amets Arzallusengana [Miñan liburuaren idazlea] joan ginen. Asko kosta zitzaion baiezkoa ematea, batetik, lehendik ere bazituelako beste antzerki talde batzuen aldetik lana antzerkiratzeko eskaerak, eta, bestetik, berriz, Ibrahimaren [kontakizuneko protagonista, lekukoa] bizitza komertzializatuko ote zen beldur zelako. Azkenean, bai batak eta baita besteak ere baiezkoa eman ziguten, eta sorkuntza lanari ekin genion. Nik ekipoa bildu nuen, eszenografoa, musika eta argien arduraduna, jantzien egilea eta abar; Artedramako lankideekin hasi ginen lanean. Zorionez, Arzallus bera ere oso inplikatua egon da, eta bera ondoan izatea niretzat garrantzitsua izan da, izan ere, nire aurreko lanak errealitate batetik abiatu arren, fikzionatuak izan dira. Miñanen kasuan, ordea, fikziorako ez zegoen tarterik. Benetako istorio bat da, eta liburuan kontatzen den moduan antzerkiratzea zen helburua. Hori bai, erabaki behar izan genuen kontakizunetik zein pasarte sartu, eta zein kanpoan utzi, antzezlana bestela luzeegia zatekeelako. Lan hori egin dugu Wertenbakerrek eta biok, baina, Arzallusek entseguak-eta ikusten zituen, eta bere iritziak ematen zizkigun; nolabait esatearren, bere onarpenarekin egin dugu aurrera. Hori izan da egin dugun bidea, hasieratik.

Amets Arzallusek, liburuan, Ibrahima Baldek kontatutakoa jaso du; elkarlanean osatu dute lan hori. Aipatu duzunez, antzerkia sortzeko ere izan duzue Ametsekin kontakturik. Eta Ibrahimarekin? Nolakoa izan da erlazio hori?

Bai, batez ere Ametsekin aritu gara; aurretik esan bezala, sorkuntza prozesua jarraitu du. Ibrahimak, aldiz, beste distantzia batetik eraman du hau guztia. Ezagutu dugu bera; Madrilen egon ginenean bera ezagutzeko parada izan genuen. Antzezlanaren estreinaldi egunean ikusi zuen berak; Bilboko Arriaga Antzokira etorri zen, baina obraren azken 10 minutuak baino ez zituen ikusi, hain zuzen ere, gogorregia baitzaio berak bizitako hori guztia ikustea. 

 

"Elkarrekin zerbait egiteko asmoa agertu genuen; zerbait, baina ez 'Miñan'"

 

Eta zer jaso duzue beraiengandik? 

Esan dudan gisan, Amets oso inplikatua egon da sorkuntza prozesu osoan. Testuarekiko ere edozein ñabardura nahi izan du ukitu, eta, uste dut emaitzarekin oso pozik dagoela. Eta Ibrahima baita ere; oso hunkituta dago. Biek, Ibrahimaren historia kontatu eta ezagutarazteko ariketa egin dute, eta hori ez da erraza, baina kontziente dira, kontakizun horrek beste mundu bat zabaltzen duela. Gurekin, gure ondoan bizi dira, kalean ikusten ditugu eta kontakizun horrek zabaltzen dio euskal publikoari horiek guztiek pairatzen duten arrazakeriaz jabetzeko aukera bat. Biek ala biek badakite beharrezkoa dela jendea hunkitzea, beste ikuspegi bat izan dezan. 

 

Antzezlana zurrunki lotzen al zaio jatorrizko idatzizko lanari, edo badu ezberdintasunik? 

Liburuan Ibrahimaren odisea amaitzen da salvamento maritimokoak iritsi eta salbatzen dutenean, mediterraneoan, itsasoan itota amai ez dezan. Baina, antzezlanean badago, liburuan kontatzen ez den beste odisea bat, eta uste dut, lanak ekarpen hori ere egiten diola istorioari. Niretzat Ibrahimaren odisea amaitzen da hamar urteren ondoren, bere ama eta bi arrebak bisitatzera itzultzen denean. Hori antzerkiak erakusten du, eta beste puntu bat eransten dio kontakizunari. Hori da ezberdintasunik potoloena-edo, nolabait esatearren. Gainerakoan, testuarekiko oso fidelak izan gara, baita elkarrizketekiko eta istorioarekiko ere. Niretzat liburuak duen xarma da, Ametsek Ibrahimaren bizipenak kontatzeko moduan izan duen aziertoa; nola kontatzen duen protagonistak bizitakoa; oso ondo egin du hori; ikusi besterik ez dago liburuak euskal gizartean izan duen harrera. Ametsek Ibrahimaren historia liburura nola eraman duen, modu berean guk antzerkira eramatea izan da erronka. Hitzek pisu handia dute idazlearen testu literarioan, eta antzerkian ere, baina aktore nagusiaren gorputz eta ahotsak, eta pertsonaiek zein lekuek, beste modu batean gorpuzten dute kontakizuna. Erronka ez zen erraza, baina, zorionez, uste dut lortu dugula. 11.000 pertsonek ikusi dute Miñan, eta asko eta asko oso hunkituta atera dira antzokietatik. Pozik gaudela esan dezakegu. 

 

"Amets [Arzallus] oso inplikatua egon da sorkuntza prozesu osoan"

 

Antzerkiak istorioa beste modu batera gorpuzten duela aipatu duzu. Horrek laguntzen dio ikus-entzuleari liburuak sortzen duen norberaren iruditeria imajinario hori errealago bilakatzen, ezta?

Bai. Sambou Diaby da Ibrahima hezurmamitzen duen antzezlea. Liburua irakurtzen dugunean, protagonista gure imajinarioan dago, baina, antzerkiak hori guztia gorpuzten du. Badira zenbait pasarte, adibidez, oilategian dagoenean jasaten dituen torturak, edo anaia galtzen duen unea ikusteak, besteak beste, eragiten dutenak hunkidura; bere anaia bilatzeko zer-nolako borroka egiten duen ikustea... Aita galtzen duen momentua, edota txikia zela ama gaixorik jarri eta berak eta anaiak medikura eramaten duteneko bizipenen kontakizuna ere... Hori guk ekarri dugu, talde lan baten ondorioz egindako apustua izan da. Uste dut lortzen dugula liburuko pasarteak transmititzea, eta, batez ere Ibrahimaren bidaia gogor hori modu poetiko batean helaraztea publikoari.

Euskal jatorria duen Timberlake Wertenbaker dramaturgoa arduratu da testua egokitzeaz. Nolako elkarlana izan duzu berarekin? Euskadi irratian egin zioten elkarrizketa batean entzun nion esaten, besteak beste, bere Londresko bizitza eta Euskal Herrikoa lotzea ahalbidetu diola 'Miñan'-ek. 

Egunotan hitz egin dut azkenekoz berarekin. Hemendik gutxira, maiatzaren 15ean Londresen estreinatuko dute ingelesezko bertsioa, Litlle brother, eta horren harira galdetu diot ea zer moduz doan. Pozik dago, baina han eraikitzeko eta funtzionatzeko beste modu batzuk dituzte. Bost aktorerekin oholtzaratuko dute; pozik dago, bai. 

Miñan antzezlana sortzeko berarekin bi urtez aritu naiz lanean, eta, uste dut oso lan fina egin duela. Saran (Lapurdi hegoaldeko udalerria) igarotzen du uda sasoia, eta, orduan, Amets ere ondo ezagutzen du. Gauzak horrela, elkarrekiko izan duten konplizitate horrekin, eta hiruon artean osatu dugun dramaturgiarekin oso pozik egoteko moduan gaudela esango nuke. 

Hizkuntzari dagokionez ere, berarentzat ez zen lan erraza. Euskara menderatzen du, baina, iruditzen zait errealitate hau guztia antzerkira ekartzeko izugarrizko lana egin duela, eta hori hala izanik, ni oso eskertua nago berarekin; hor ikusten da zer-nolako profesionala den, eta antzerkiarekiko zenbaterainoko jakitate eta sentsibilitate ederra duen. Emakume ikuspegitik ere kontakizuneko zenbait momenturi eman dien norabidea oso garrantzitsua izan da, hala nola, Ibrahimak amarekin duen harremana agertzerakoan, edota basoan galduta dagoela emakume bat gerturatzen zaionean; badaude une batzuk kontu handiarekin idatzi dituenak. Oso ondo jakin du istorioaren muina antzerkira ekartzen, eta hori guztia esanda, ni oso pozik nago. 

 

"Liburuak oihartzun handia izan du; antzerkiarekin ere gauza bera gertatzen ari da"

 

Spoiler handiegirik egin gabe, zer topatuko dute Lasarte-Oriako Manuel Lekuonara bertaratzen diren ikusleek?

Hasteko, lau aktore dena ematen. Uste dut miragarria dela Ibrahima Balde hezurmamitzen duen Sambou Diaby oholtza gainean ikustea; sekulako lana egiten du. Aktore taldetik ni naiz beteranoena, ez dut esango zaharrena [barre egin du] eta 21 pertsonaia egiten ditut. Koro lana, hau da, Eihara Irazustak, Mikel Kayek eta nik neuk egiten duguna ere oso-oso garrantzitsua da, eta agertokian, beteranoaz gain beste hiru gazte horiek ikustea gauza ederra da. Ikaragarrizko lana egiten ari dira. 

 

Eta zuek, zer jaso nahi zenukete bertaratuko direnengandik?

Oparirik ederrena antzokiak beteta ikustea da; ez da ohikoa izaten. Teatroak badauka halako listoi bat, batzuetan pasatzea lortzen ez duguna, eta, iruditzen zait Miñanekin eskuratu dugula hori. Antzerkirako espazioak gainezka ikustea gauza ederra da, asko motibatzen gaitu. Hau da gure ogibidea, eta publikoa hor egotea oso garrantzitsua da. Hori esanda, aprobetxatu nahi nuke jendea gonbidatzeko Lasarte-Oriako emanaldira etortzera. Nahi nuke, orain arte obra erakutsi dugun beste herrietan izan dugun harrera izatea, eta, horri, gainera, jendearen txalo zaparrada eder bat jasotzea gehitzen badiogu, zer gehiago nahi dugu?

 

"Jaso dezakegun oparirik ederrena antzokiak beteta ikustea da; ez da ohikoa izaten"

 

Dagoeneko pasa dira hilabete batzuk estreinakoz 'Miñan' erakutsi zenutenetik (2024ko urriaren 25ean erakutsi zuten lehenengoz, Bilboko Arriaga antzokian). Bide oparoa egiten ari dela ukaezina da, hango eta hemengo oholtzetan ibili zarete eta erakutsiko duzue oraindik ere beste hainbatetan. Nolako bidea izaten ari da?

45 emanaldi eginak ditugu. Asko dira; kideei esaten diet: 'hau gutxitan gertatzen den fenomeno bat da'. Miñan liburuak oihartzun handia izan du, eta zorionez, antzerkiarekin ere gauza bera gertatzen ari da. Hori gozatzen jakin behar dugu, eta antzerkia ikustera datozenei, bada, daukagun guztia eman eta Ibrahimaren istorio hori transmititu. 

Sambouk, Eiharak eta Mikelek ez dute kontatzen den errealitaterik bizi izan, baina horietako batzuen gurasoek, bai, Sambouren aitak, esaterako; badakite zeinen garrantzitsua den historia hau kontatzea. 

Zenbakiak ere egin ditugu, eta dagoeneko 11.000 pertsonek ikusi dute Miñan. Zenbaki oso politak dira, baina 45 emanaldi horien guztien atzean, etengabeko lana dago. Horri dagokionez, uste dut ez garela erlaxatu behar, eta lanean jarraitu behar dugula lehen eguna balitz bezala. Antzerkian hori oso garrantzitsua da; teatroaren xarma edo gauzarik ederrena da emanaldi bakoitzean gauza berri bat balitz bezala, harridura horrekin aritzea. Hori da, momentuz, guk aktore gisa daukagun eginbeharra publiko hunkitu dadin. Gure hunkiduratik eta ofiziotik ondo heltzen badiogu horri, gainerakoak, txaloak eta abar, etorriko dira.