Borobileaneko lagunek "bi ondorio nagusi" atera zituzten abenduko mahai ingurutik: bat, gaur egun kobratzen dituzten pentsioek pertsona askori (emakumeak dira gehienak, hamarretik zazpi) ez diela bermatzen bizitza duin bat, ez direlako iristen Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (iaz, 1.134 eurokoa izan zen); eta bi, "funtsezkoa" dela mobilizatzea, "borrokarik gabe ez dagoelako garaipenik", talde antolatzaileko kide den Olatz Arozenak nabarmendu duenez.
Testuinguru horretan kokatu dute Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren (EHP) jarduna. Duela zazpi urte ekin zioten manifestazioak eta bestelako ekintzak aurrera eramateari, batez ere, hau aldarrikatzeko: gutxieneko pentsio bat ezartzea, 1.080 euro kobratu ditzan pentsiodun bakoitzak. Orain, urrats bat gehiago egin eta Herri Ekimen Legegile bat eraman dute Eusko Legebiltzarrera, ordainsari horiek LGSarekin berdintzeko. Eskaera horrek ahalik eta babes sozial zabalena izan dezan hiru hilabeteko sinadura bilketa abiatuko dute herriz herri eta hiriz hiri.
Sinadurak biltzetik haragoko erronka
Atxikimendu kanpaina hori bere egin dute Borobileanekoek eta honako erronka bota die eragile horretako partaide Ixiar Arteagak mahai ingurura bertaratu direnei: "Izango ote dugu gaitasuna gure herrian horrelako mugimendu bat gorpuzteko?" [EHP sortu eta gutxira eratu zuten talde bat Lasarte-Orian eta 2021eko azarora arte aritu zen lanean]. Duela egun batzuk EHPko koordinatzailearekin bildu zen Borobilean Elkartea eta bilkura horretara joan zirenak "oso gustura eta pozik" atera ziren handik, ikusi zutelako "oso bizirik dagoela ekimena". Sentitutakoak eta udalerrian eragiteko gogoak hauspotuta, hiru hilabetez sinadurak biltzeaz gain talde bat eratu eta ekimenak burutzen hasteko desafioa bota dute, EHPkoek emandako materiala erakutsi bitartean: peto gorriak, atxikimenduak biltzeko orriak edota HEL - Gutxieneko pentsioa sinatu lelodun afixa.
Pentsiodunen mugimenduak zer-nolako dimentsioa hartu duen irudikatze aldera, Arteagak datu batzuk plazaratu ditu segidan: Gipuzkoan, esaterako, 22 udalerritan ari dira lanean gaur-gaurkoz eta horietako bakoitzak "bere erritmoan" hartzen ditu erabakiak. Arestian aipatutako Herri Ekimen Legegilea babesteko 10.000 sinadura behar dituzte baina sustatzaileak anbiziotsuak dira eta askoz gehiago jaso nahi dituzte; lurralde historiko horretan, 35.000 inguru. Atxikimendu horiek, hori bai, "serio eta fundamentuz" bildu behar dituzte, prozedura bete ezean ez dutelako balioko.
"Kozinatzeko errezeta bat" bezalakoa
Gonbidatuak hartu du hitza ondoren, Sole Agirre Garrok. "Kozinatzeko errezeta batekin" parekatu du pentsiodunen talde bat eratzea udalerri batean: "Sua pizteko poxpoloa bezain inportantea da labean sartuko duguna, guztiak dira garrantzitsuak eta batzuek ez dute besteek baino gehiago balio". Iruditzen zaio herritarren "kontzientziazio falta" dela "arazo larriena", pentsiodunek "asko" dutelako jokoan: "Gure ordainsariak bermatuta ditugu, baina ari gara borrokatzen baita ere ondorengoengatik; ez bagaude kalean eta ez badugu ezer egiten, pixkanaka-pixkanaka kenduko digute gurea dena". Azken baieztapen horren adibidetzat jarri du Espainiako Kongresuan gertatu berri dena: PP eta Junts alderdiek atzera bota dute pentsioak %2,8 igotzeko proposamena, Gobernuak egindakoa.
Aktibista kementsua da Garro eta grinez hitz egin du Oriarte Landaberrin. Oriatarra jaiotzez, urteak daramatza Irunen bizitzen eta jendetsu eta indartsua bilakatu den talde eragile bat eratu du udalerri horretan, beste pertsona batzuekin batera. "Hiru izan ginen aurreneko ekintzan, argazkilariarekin lau, eta Gipuzkoako mugimendu indartsuenetako bat dugu orain. Datorren astelehenerako, adibidez, antolatu dugu beste manifestazio bat, San Juan plazan, 12:00etan. Uste dut jendea biltzearen gakoak izan direla ahoz ahokoa eta edonori edozertan laguntzeko prestutasuna".
Behin eta berriz aipatu ditu kontzientzia sortu eta herritarrak mobilizatzearen garrantzia. "Hori lortzen baduzue ez duzue inolako arazorik izango talde bat sortzeko; behar bezainbestetan etorri eta behar duzuen guztian laguntzeko prest nago, horrelako sare bat jostea izugarri aberasgarria da, herri bat elikatzea da".
Datu, erronka, gogoeta eta bestelakoak borobilean partekatu ostean, bertaratutako batzuek hartu dute hitza eta hitz egindakoari buruz hausnartu dute. Ikusi egin behar hitzak ekintzetan gorpuztuko diren ala ez, baina gaiaren garrantzi eta pertsona erreferente faltagatik ez da izango behintzat.