Datorren asteko ostegunean aurkeztuko dute TrukeLandia

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 15a, 10:17

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak elkarlanean aurrera eramaten duten GurasoLandia egitasmoko parte hartzaileei zuzenduta dago TrukeLandia, elkartu eta hilabetean behin ikasitakoa elkartrukatzeko. Kultur etxeko auditorioan aurkeztuko dute ekimen hori, hilaren 23an, 17:30ean, Porrotx pailazoarekin batera. 

Egitasmoaren izenak berak dioen bezala, bizipenak trukatzea da helburua, hilabetean behin. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak aurrera eramaten dute, elkarlanean. TrukeLandia egitasmoa GurasoLandiaren baitan dago, eta, azken hori, GurasoLeku izeneko ekimen baten adarretako bat da, GurasoLagun eta GurasoTegirekin batera. Urte batzuk daramatza martxan xede honekin: herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, euskararen transmisioa familietan bultzatzearen bidez.

Lehen esan bezala aurten GurasoLandian ari direnek bertaratu ahalko dute TrukeLandiaren aurkezpenera. Ekitaldirako gonbidapenak Gurasolandiako antolatzaileei eskatu ahalko dizkiete familiek, eurekin komunikatzeko erabiltzen dituzten ohiko bideetatik.