Urtarrilaren 4a zen baina izan zitekeen lasai asko ekainaren 28a, San Pedro bezpera: Okendo plaza jendez beteta, festa giro ederra eta musikari ugari oholtza gainean. Zehazki, hauek: Odolaren Mintzoa (azkenekoz jo zuen Lasarte-Orian, hilabete amaieran itxiko baitu ibilbide oparoa laukote usurbildarrak), XSakara eta Hazas&Jagoba bikote lasarteoriatarra. Bakoitzak bere erregistro eta errepertoriotik berehala konektatu zuten enparantzara bertaratu ziren herritarrekin eta dantzan eta kantuan jarri zituzten goizeko ordu txikietara arte.
Gaueko emanaldi sorta girotu zuten arratsaldean Anuk eta Elene usurbildarrek, Jalgi Kafe Antzokian. Azken horrek Odolaren Mintzoaren emanaldian parte hartu zuen, Bakarrik ere abesti ezaguna kantatzera igo zenean. Beste bitxikerietako bat izan zen beatbox egiten duen Ibai Morales herritarrarena; Hazas eta Jagobaren emanaldian aritu zen taula gainean, bi abestiren arteko tarteetako batean.