Arratsaldean jasotakoa emango dute gauean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 24a, 20:31

Egun paregabea igaro dute Mari Domingik eta Olentzerok gure herrian, goizetik hasi eta iluntzera arte. Eguraldiak ez die batere lagundu, baina giro hotzari ederki eman diote buelta lasarteoriatarren goxotasunarekin. Gau luzea dute aurretik, baina indarberrituta ekingo diote etxez etxe joatearen lanari.

Ttakun KEk eta Lasarte-Oriako Udalak prestatu duten egitaraua goizeko hamaikak pasata hasi da: Loidibarren pilotalekuan elkartu dira ikastetxeetako ikasle, guraso eta Ttirriki Ttarraka eskolako musikariak. LOZET elkartearen bi erraldoi ere bertaratzekoak ziren, baina gaurko eguraldi kaskarra tarteko, etxean geratzea erabaki dute. Frontoian bertan hasi dira giro hotza berotzen partaideak, Olentzeroren eta Mari Domingiren kantak abestuta, baita garaiotan ohikoak diren beste batzuk ere; Alaken, adibidez. Eguerdiko hamabietarako ordu laurden inguru falta zela, tresna eta aterkiak hartu eta Okendorantz joan dira. Txokolate bero eta goxoa jan eta Xixuko ahatea agurtu aurretik, ikastetxeetako umeen marrazki erakusketa ikusi dute gehienek.

Gaztetxoek hamaiketakoa egin dutenerako Mari Domingi edota Olentzero ikusteko ilara egiten ari ziren dagoeneko 12:00etako txandakoetakoak. Irribarrea aurpegian eta ilusioa bihotzean sartu dira guztiak eta ordu laurden inguruz bi pertsonaia maitagarri horiekin kontu kontari aritu dira. Emandako eskutitzengatik goxoki eta patxintxiak jaso dituzte bueltan eta nahi dutenero ikusi ahalko dituzten argazkiak ere atera dituzte. Bitartean, sekulako festa prestatu dute kanpoan, izan ere, Xixuko eta bere laguntzaileak kantuan eta dantzan hasi dira. Tarte batez, giro ezin goibelagoaz ahaztu dira bertaratu direnak. 

Urtero bezala, aho zabala duen postontzi horia jarri dute Okendon, baina antolatzaileek buelta bat eman diote aurten eskutitzen kontuari. Tokiko komertzioen atea jo dute, elkarlanean aritzeko: 25 establezimenduk opari bana sartu dute Mari Domingi eta Olentzeroren zakuan, umeek idatzitako gutunen truke. Galtzagorriek zozkatu dituzte bonu eta txartelak, arkupeetan baita ere. Pozarren jaso dituzte sariak zortedunek. 

Desfilerik gabeko ikuskizuna

Arratsaldeko egitaraua moldatzea erabaki dute antolatzaileek, eguraldiagatik. Desfilea bertan behera utzi dute eta ikuskizuna aurrera eraman dute. Arratsaldeko seiak jotzear zirela iritsi dira Loidibarren pilotalekura Mari Domingi eta Olentzero, ez oinez edota Napo astoaren gainean, baizik eta Porrotx pailazoak gidatutako Panpoxan. Xixuko ahatea eta Maritxu Teilatuko ere bertan ziren.

Pilotalekuko zorua zapaldu dutenerako jendez lepo zegoen. Urte osoan pertsonaia iritsi horiek noiz etorriko zain egon ostean, eguraldi txarra ez da inorentzat oztopo izan, eta, eserita ala zutik, ikuskizun polit batez gozatu dute guztiek.

Giro triste eta grisak hoztutako giharrak berotzeko modu ezin aproposagoa otu zaio Porrotxi, zaku lasterketa. Hori bai, tranpatxoekin. Olentzerori bota dio erronka aurrena, eta, irteera lerroan jarri bezain pronto, sabaian txori bat zegoelakoan, ikazkinaren despiste unea probestu du arineketan hasi eta helmugara bizkorrago iristeko. "Txapelduna, txapelduna!" abesten hasi da, Loidibarrengo oholtza inprobisatuan ondoan zituenen eta pareko ikus-entzuleen haserrerako. Komunera joan behar zuela-eta, tranpatiari tranpa egitea erabaki dute Olentzerok berak, Mari Domingik, Maritxu Teilatukok eta Xixukok. Atera dituzte guraiza batzuk eta moztu dute zakuetako bat, Mari Domingik hankak atera zitzan bertatik eta bizkorrago osa zezan burutu beharreko ibilbidea. Garaipen oihuak zirenak aiene bihurtu dira eta tristetu da Porrotx, lagunek amarru egin diotelako. 

Horri buelta emateko, eta datorren urteko maiatzeko Maite Zaitut festa erraldoiaren aurrekari gisa, Jalguneko lagunak atera dira eszenatoki erdira eta Maite zaitut abestu eta dantzatu diote pailazo bihurriari. Berehala eman dio buelta zakuekin gertatutakoari eta beraiekin batera bidali dizkie muxu eta besarkadak ikus-entzuleei. 

Ordu erdi pasatxoko ikuskizuna urratu dute dantza eta dantza (atera dira baita ere Kuadrillategiko gaztetxoak, izaki mitologikoak eta galtzagorriak), eta, elkarri agur eta on egin esan aurretik, talde argazkia atera dute. 

Mari Domingik eta Olentzerok galtzak bete lan izango dituzte gauean, baina, zer izango ote da ba herritarren etxeetara sartzea, gaurko eguna beraiekin partekatu duen bakoitzak bere bihotzeko giltza eman dienean?

Erlazionatuak

Haurrei goxokiak eman dizkie Olentzerok

Txintxarri Aldizkaria 2024 abe 24 Gizartea