Naroa Furundarena Urkiola, atleta: "Ez dira baldintza aproposenak entrenatzeko"

Nerea Eizagirre 2024ko abe. 13a, 11:00

Naroa Furundarena, artxiboko irudian. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar SKTko Atletismo saileko kideek pista estaliko denboraldia hasi dute. Datozen hilabeteetan dituzten lehiaketa guztiei aurre egiteko, prestakuntza egiten ari da taldea, baina kiroldegi berriko lanak hasi zirenetik erronka izaten ari da entrenatzaile zein atletentzat entrenamendu saio "egokiak" egitea. Atletismo sailak bizi duen egoera herriari jakinarazteko idatzi bat argitaratu zuten entrenatzaileek eta duela bi aste pista berriaren "kudeaketa txarra" salatzeko argazki masiboa egin zuten kirol instalakuntza horren aurrean. Naroa Furundarena Urkiola pista estaliko jauzi hirukoitzeko Espainiako txapeldunordearekin bildu gara euren egoera zehatza zein den jakiteko

Furundarenaren hitzetan, "ahal den moduan entrenatzen ari gara; hemendik hara eta handik hona". Atsobakarreko eremuan dagoen pista berria ireki bitartean, egun Michelin kirol guneko tenis kantxa eta Donostiako kirol instalakuntzen artean banatzen dituzte saioak.  

"Martxoan modulutik materiala atera behar genuela esan ziguten; baina ez ziguten lanak noiz hasiko ziren esan eta eremuan sartzen utzi ziguten. Gauza bat eta beste, maiatz erdialdean, egun batean, gogoratzen dut zeren ni izan nintzen giltzak eskatu zituena, ezin izan ginen pistan sartu. Eta denboraldia amaitu arte, Michelin kirol guneko txokoetan, errepidean, Donostiako kirol instalakuntzetan edo jangela zenaren eremuan entrenatzeko moldatzen hasi behar izan ginen, zeren orduan oraindik ez genuen tenis pista erabiltzeko baimenik. Hori irailetik aurrera izan dugu", nabarmendu du.

Entrenatzeko eremu egokirik ez

Prestakuntza bi ataletan banatzen dute saileko kideek; batetik, pista, eta bestetik, gimnasio ariketak. Lehen, azken horiek egiteko gela bat zuten atletismo moduluaren ondoan. Orain artean, Landaberriko jangela zeneko eremu batean antolatu behar izan dute euren gimnasioa: "Guk uste genuen eremu egokiago bat izango zela baina pasilloko soberak izan ziren". Itoginak direla eta, bitan urez bete da eremua eta egoera hori salatu ostean, aste honetan bertan, tenis pistako gelatxo bat "3x3 metrokoa gutxi gorabehera" utzi dio udalak taldeari, "justu materiala gordetzeko ematen digu".

Horren ondorioz, egoera berriarekin aurkituko direla jakitera eman du Furundarenak, "50 bat pertsona bildu izan garen eremuko iskina batean atera beharko ditugu pisuak, etabar, gimnasio lana bertan egin besteek bestelako ariketak egiten dituzten bitartean. Ez daukagu argi nola moldatuko garen. Lehen behintzat, taldea banatzen genuen eta txandakatzen ginen; batzuk gimnasio ariketak egiten ari zirenean, besteak tenis kantxan zeuden lanean. Horrela jende gutxiago batzen ginen. Ez dira baldintza aproposenak entrenatzeko".

Tenis pista horretan atleta federatuak, eskola mailako haur eta gaztetxoek eta aisiagatik atletismoa praktikatzen dutenek bat egiten dute. Horietatik kopuru handiena haur eta gazteena da: “Saioetan helduenek badakigu aurretik zein lan egin behar dugun eta ariketak egiterakoan gure lan eremuan zentratuta egoten gara, baina haurrekin adi egon behar da ze espero ez duzunean alde batetik bestera doaz edo ez dituzte ariketak ongi burutzen”.

Era berean, Ostadar SKTko futbol eta errugbi taldeei esker, astean zehar ordutegi batzuetan futbol zelaiko eremu bat erabili dezaketela ere nabarmendu du: "Zerbait luzeagoa egin behar denean hor egiten da lanketa; horrek tenis pistako kongestioa arintzen laguntzen digu".

Horregatik, Furundarenak azken hilabeteetan atletismo saileko entrenatzaileek eta batez ere Oskar Goikoetxeak federatuen arduradunak burua milara izan behar duela nabarmendu du: “Astearte eta ostegunetan ari gara Donostiara joaten, baina Michelin kirol gunean biltzen garenean, ezin ditugu guztiek lan berdinak egin edo beti gimnasioan egon; ez genuke prestakuntzan aurrera egingo. Gainera, probaren arabera ere ariketa ezberdinak egin behar ditugu”.

Donostiara entrenatzera

Horrez gain, Donostiako instalakuntzak 2023-2024 denboraldian federatuak zeuden kirolariek bakarrik erabili ditzaketela azaldu digu: "Iaz federatuak ez zeudenez ez dute aukera Donostiara joateko entrenatzera. Badago jendea igandean lehengoz tartana zapaldu eta iltzeak jartzen zituenak. Gainera, aurten hasi den jendeak ez du atletismo pista bat, foso bat edo tako batzuk zer diren ikusi oraindik. Ez dute atletismoa zer den ezagutu eta egoera honekin, batzuk aspertzea eragin dezake. Kaltetu handiena Ostadarreko Atletismo saila izango da".

Eta zera gaineratu du: “Ez da emaitzen aldetik bakarrik, pertsona batek bere lehen txapelketa izanik duen ziurtasun eza edo kezkari pista ez ezagutzea gehitzen zaio eta gainera ezagutzen ez duen jende gehiagorekin. Lehiaketa bat ez da aproposa, pistan iltzeak jartzeko lehen aldia izateko”.

Donostiako belodromora edo miniestadiora joateko erabakiak taldekideen entrenatze saioak murriztea edo denboraldia lehenago amaitzea ere ekarri duela adierazi du Furundarenak: “Talde kide batzuk denboraldia lehenago amaitzea ekarri zuen. Aurten ere entrenamenduetan nabari da, batzuk ez datoz saio guztietara. Astean lau egin beharrean, bitan etortzen dira. Donostiara joateak denbora suposatzen du”.

Eta desplazamendu horiek dakartzaten lanaz ere ohartarazi du: "Kotxeak behar ditugu Michelinetik Donostiara materiala eramateko eta ekartzeko, zeren ezin dugu bertan utzi. Gainera, ez dugu materiala bikoiztua eta hurrengo egunean hemen behar da, beraz saioa amaitzean berriro itzuli behar dugu. Eta badago materiala ez dena sartzen kotxean, hala nola, xabalina eta trenean horiekin ari dira joaten. Oraingoz ez diete ohartarazpenik egin, baina komentarioak entzun dituzte".

Donostiako instalakuntzak ere egoera onean ez daudela ekarri du Furundarenak solasaldira eta Realaren neurketak daudenean materialarekin dituzten zailtasunak azpimarratu ditu: “Donostian instalakuntzetan ere arazoak izan dituzte azken egunetan eguraldia eta lan batzuk direla eta, astelehenean (hilaren 9an) belodromoa itxia egon zen eta miniestadioa ezin ez erabili alerta zegoelako, ostegunean (hilaren 12an) Realaren neurketa dago eta ezin dira kotxeak sartu eremuan eta horrek materiala eramatea zailtzen du. Beraz, Hernanin entrenatu beharko dugu”.

Hori guztiaz gain, Donostiako taldeen artean zurrumurruak eta komentarioak entzun dituztela  ere jakitera eman du: “Miniestadioko lanak Lasarte-Oriakoa irekitzerakoan hasiko direla edo urtarrilean lanak hasi eta Atsobakarreko eremu berrira joango direla entrenatzera… baina nola, hau oraindik irekia ez badago eta badakigu noiz irekiko den”.

Informazio eza

Eta horren harira, hilabete hauetan guztietan taldeari bai Michelingo eremuko lanen zein Atsobakarreko eremuaren gaineko informazio eza ere nabarmendu du Ostadarreko kirolariak. "Lanak hasi baino lehen, modulua utzi behar genuela esan ziguten, baina besterik ez. Atsobakarreko instalakuntzaren gainean ere ez dakigu ezer, horregatik hasi gara mugitzen eta atera genuen argazkia. Arazoren bat dagoela argi dago, inork ez du gustuko instalazio bat itxita izatea, baina ez zaigu esan arrazoia zein den. Jende askok galdetzen digu, baina ez dakigu ezer, ez dugu sarrera datarik, ez zaigu ezer esaten, kaleko jendeak dakien berdina dakigu",  nabarmendu du. 

Txapelketei begira lanean

Prestakuntza irailean hasi zuen atleta gazteak eta hil honen amaieran, proba libreetan hasiko lehiatzen. Urtarrilean Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketetan parte hartuko du eta gutxienekoa eginez gero, otsaila-martxoan Espainiako txapelketan egongo da.

Entrenatzen ongi dabilela dioen arren, aurreko urteekin konparatu ezin duela nabarmendu du talde urdin –beltzeko kideak: “Iaz pista genuen gure eskura nahi genuenean, orain moldatu behar gara batzuetan Donostian pistan, besteetan gimnasioa, besteetan Michelineko txoko batean ariketak egiten edo arratsaldez lanean nengoenean, kiroldegiko gimnasio eta Loidibarren pilotalekuko zuzengune horretan lan egiten nuen”.

Eta Ostadar atletismo taldeko gainerakoen antzera, horrela moldatuko da Atsobakarreko eremu berria martxan egon arte.

Azkenik, kirol eremu berria irekitzeak beste kirolei ere onura egingo diela azpimarratu du: "Atletismo saila da kaltetuen dagoena; oraintxe bertan ez dugu instalakuntzarik. Baina futbol eta errugbiko sailei ere onura ekarriko die pista hori irekitzeak".