Ostadar SKTko atletismo saileko arduradun Amaia Andresek eta Oscar Goikoetxeak atletismoko entrenamenduak aurrera eramateko pairatzen ari garen egoeraren aurrean, ADIERAZTEN DUGU:
- Komunikatu honen helburua da atletei eta euren familiei gure lana burutze hutsarengatik aurkitzen ari garen egoera, aurrekariak eta kezkak azaltzea.
- Publikoki eskerrak eman nahi dizkiegu, familiei eta atletei (116), egunerokotasunean bizitzen ari garen une korapilatsu hauetan beraien laguntza eta ulermenagatik.
Halaber, horiekin guztiekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu: atletismoa sustatzea, balioetan heztea eta beti ingurune seguruetan egitea. - Badakigu pista berrira sartzen garenean, gure jardueraren garapenak jauzi kualitatiboa emango duela eta "tunel" honetatik pasa behar garela Atsobakarreko pistaraino iristeko. Baina bidea ez da xamurra izaten ari.
- Maiatzean udal arduradunen adierazpenak agertu ziren prentsan (DV) eta ekainean pista martxan egongo zela zioten.
- Gaur-gaurkoz, ez dugu informazio ofizialik jakiteko noiz sartu ahal izango garen instalazio berrian.
- Atleta federatuek (25 inguru) astean 1-2 egunetan joan behar dute Anoetara Kirol Sailak eman dizkigun sarrera-bonuekin.
- Gure materiala eramateko Donostiara egin ditugun bidaiak auto partikularretan egin behar izan dira, bretako gimnasioa eta materiala ezin ditugulako erabili. Gaurko egunez, kilometrajearen egiaztagiriak aurkeztu ondoren, ez da egin inolako diru itzulketarik.
- Atletismo eskolako atletei dagokienez, apirilean (data horretan utzi behar izan genion moduluan lan egiteari) ikastolaren batean entrenatzea proposatu ziguten.
Gurasoekin hitz egin ondoren eta gure adingabeko atleten ongizatean pentsatuz, uko egiten genio aukera horri, logistikoki eta kirol arlotik ere bideragarri ikusten ez genuelako. - Gaur egun kirol teknikariek tenis kantxa bat (30 m) esleitu digute, non 50 pertsona inguru elkartzen garen (helduak eta adingabeak).
Egoera horren berri eman diegu teknikariei, baina ez dugu erantzunik jaso. - Michelin kirol guneko futbol zelaiaren zati baten erabilera negoziatu behar izan dugu, behar bezala entrenatu ahal izateko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Ostadarreko futbol eta errugbi sailei.
Kudeaketa hori ez litzaiguke guri egokitu behar, udal teknikarien eginkizuna dela deritzogu, udal instalazioak baitira. - Tenis kantxan bestelako jarduerarik badago (adibidez, adinekoen asteko bazkaria) beste leku batzuetara joan behar dugu.
Futbito zelaian futbol taldeen beroketek guk behar bezala entrenatu ahal izatearen gainetik lehentasuna (larunbatak) du. Guk nola edo hala "bizimodua atera" behar dugu. - Indar ariketak egiteko eta materiala uzteko erabiltzen dugun jangela behin baino gehiagotan urez bete da, lehena joan den maiatzean. Abisua eman genuen, baina ez da ezer egin.
Duela astebete berriro bete zen urez. Gimnasioa behar dugu, EZ biltegia. - Atsobakarreko pista berriaren erabilera ordutegia erabakitze aldera eta futbolarekin uztartu ahal izateko, atletismo atalak, kirol teknikarien eskariz, planteamendu bat egin zuen. Atsobakarrera joan arte, hori guztia patronatuaren eta Michelin kirol gunean entrenatzen duten erakunde eta taldeen laguntzaren menpe geratzen zen. Teknikarien erantzunik ez dugu izan.
AMAIERA GISA:
- Gure kirolariek kiroldegiko kuotak ordaintzen dituzte, nahiz eta instalazioak egokiak ez izan.
- Zergatik ez da gure lana errespetatzen?
- Zergatik ez digute informazio ofizialik ematen egoeraren eta Atsobakarrera joateko epeen gainean?
- Zergatik kasu askotan ez dira gure deiak edo mezu elektronikoak erantzuten? Hori kudeatzen duten pertsonei eska dakiekeen gutxienekoa dela ulertzen dugu.
25 URTEZ LASARTE-ORIAN ATLETISMOA SUSTATU ETA SUSTATZEKO HELBURUAREKIN LANEAN ARITU ONDOREN, “BABESGABE” SENTITZEN GARA ETA “ETSITA” GAUDE.
HALA ERE, LANEAN JARRAITUKO DUGU...
* Erredakzioan itzulia