Elkarrizketa hau asteartean eginda dago, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala aurkezteko prentsaurrekoaren ostean.
Finalaren bezperetan, nola zaude?
Atzerako kontaketa baten sentipena dut. Egon dadila dena bere tokian, joan dadila guztia aurrez pentsatu bezala eta ezerk ez dezala dardara egin; horrela nago. Finalaren aurreko astea bakarrik ez, txapelketan jokatu ditudan gainerako saioen aurreko asteekin gertatu bezala, oso luzeak egin zaizkit. Eguna iristea nahi dut, ahalik eta azkarren.
Saio erabakigarrira gorputzaldi onarekin iritsiko zarela aipatu duzu prentsaurrekoan.
Pozik nago, txapelketan bertan eta aurretik egindako bertso eskolako entrenamenduetan nahiz plazetan erakutsi ditudalako nire bertsokera eta egindako lanketaren printza batzuk. Gipuzkoako txapelketa sentsazio horrekin amaitu nahi dut, ez dut nahi bukatu eta honakoa pentsatu: 'Aukera izugarria nuen jende pila baten aurrean eta joan egin zait'. Aurretik erakutsitakoa finalean ere islatzea da nire helburua.
Nerea Elustondo Plazaolak aipatu du ez dela sailkapenari oso begira egongo. Eta zuk, Ane, erreparatuko diozu horri?
Ahalik eta ariketa gehienetan erakutsi nahi dut nire bertsokera eta orain arte landutako guztia. Egiari zor, bertsolari puska batzuk izango ditut alboan eta badakit ez nagoela faboritoen artean, baina amets handia izango litzateke buruz burukora sartu eta hor kantatzea. Edonola ere, ez nago horrekin itsututa.
Auskalo, etorriko da etorri behar dena; ahalik eta ongien aritu nahi dut, eta gero, ikusiko dugu.
"Amets handia izango litzateke buruz burukora sartu eta hor kantatzea. Edonola ere, ez nago horrekin itsututa"
Nola abestu nahi duzu finalean, kontuan izanda askatasun mugatua izango duzuela eta irizpide jakin batzuk (ariketak, gaiak...) jarraitu beharko dituzuela?
Gaiak momentuan jarriko dizkigute eta egin beharrekoa asko baldintzatuko du baita ere bertsolarien arteko zozketek, hau da, ariketaz ariketa elkarrizketak norekin egin beharko ditugun. Hori esanda, nire azken urteetako bidetik jarraitu nahiko nuke: errima eta hitzak lantzen ditut bertsoa artistikoa eta estetikoa delako, bai; horrez gain, alde oso politiko bat ere badu, hor kokatzen naiz ni sortzaile gisa. Beraz, hortik abestu nahi dut, edozein plazatan bezala, ikuspuntu eta betaurreko horietatik: feminismoarekin lotuta dauden gaietatik. Ea jartzen dizkiguten gaiek aukera ematen didaten hori plazaratzeko.
Aurtengo txapelketari udazkenean ekin diozu; Azkoitian eta Oiartzunen jokatu dituzu orain arteko bi saioak. Gustura zaude egindakoarekin?
Bai, gustura nago. Bitxia izan da, duela bost urte ere toki horietan abestu nuelako eta sentitutakoa oso antzekoa izan da.
Azkoitiako final laurdena baliatu nuen lurra hartzeko. Ez dakit, ez zait gustatzen, giroa arraro samarra izan ohi da niretzat beti, saioa ez zen lehertzera iritsi, aste txarra pasatzetik ere banentorren... Ahal bezala egin, eutsi eta sailkatzea izan zen nire asmoa.
Oiartzunera beste gogo batekin joan nintzen, nire bertsokera erakutsita asko disfrutatu nuen. Hobeto ala okerrago aritu izan naiz, baina ordura arte ez nuen inoiz sentitu saio bete bat egin izana. Gainera, finalerako zuzeneko txartela ez lortuta ere, birtualki sailkatuta nengoen [552 puntu bildu zituen herritarrak] eta ederra izan da zortzikotea zehaztu arteko aste horiek urduritasun horrekin ez igaro izana. Ezinegon puntu bat izan dut finalisten taldea nola osatuko zen jakiteko, baina, kontuan izanda, zortzietako bat ni izango nintzela. Luxua izan da hori sentitzea, egia esan.
"Nire bertsokera erakutsita asko disfrutatu nuen Oiartzunen; saio betea egin nuen"
Orain zortzikotea aipatu duzula, finalista multzoaren ezaugarriak nabarmendu dituzue agerraldian zehar: Gipuzkoako aniztasunaren lagin bat dela, talde polita osatu duzuela... Nola ikusten dituzu oholtzan lagun izango dituzun gainerako zazpi bertsolariak?
Oso pozik nago osatu dugun argazkiarekin eta hori mugimenduan jartzeko gogoz nago. Gainera, batzuekin oso harreman estua dut, adin desberdinetakoak izanda ere. Uste dut bakoitzak beretik egingo diogula ekarpena finalari eta mosaiko polit bat osatuko dugula: koloreak, bertsokerak, abesteko moduak, gorputzak... Asko motibatzen nau eta iruditzen zait elkarrizketa politak sor ditzakegula, zozketetan egokitzen dena egokituta ere.
Bost urte igaro dira aurreko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik. Galdera sakona da, baina, zenbat aldatu zara tarte horretan guztian bertsolari eta pertsona gisa?
Atzera begiratzen dut eta gauza asko pasa dira bost urteotan, tartean ama ere izan naiz... Ez dakit, esango nuke askorako eman dutela, tarte horretan egin dudalako lanketa eta bide bat, plaza dezente zapalduta. Pertsonalki, iruditzen zait beste leku batean nagoela, eta, nire esperientzia eta bizipenetatik, askoz gehiago dudala kontatzeko. Hortik abestu nahi dut finalean.
Finalarekin ez du horrenbesteko loturarik baina tira, Oiartzungo finalaurrekotik azken faserako tartean gertatu da eta hortxe galdera: Bertso Astea izan genuen Lasarte-Orian azaro amaieran, eta solasaldiko gonbidatuak izan zineten Beñat Gaztelumendi Arandia eta zu. Bertsotan aritu zineten eta bertsolaritzaz hitz egin zenuten, beste formatu batean. Nolako esperientzia izan zen zuretzat?
Solasaldiaren ostean hitz egin genuen horri buruz eta oso polita izan zen guretzako. Borobilean eseri ginen eta bertaratu zirenek galdera asko egin zizkiguten, oso gertukoa izan zen. Balio izan zuen, besteak beste, bertsolariak desmitifikatzeko eta pertsonak garela erakusteko, gainera, gure jardunaren tripak-edo zeintzuk diren azalduta. Polita da bertsolaritza horrela gerturatzea jendearengana, izan ere, badirudi une jakin batzuetan gertatzen den magia dela baina, nire iritziz, asko du parez parekotasun eta hurbiltasun horretatik.
Solasaldi horretan "sekretutxo" batzuk ere kontatu zenituzten. Besteak beste, saioa dinamizatu zuen Mailu Arrutik, umorez, "parafernalia" gisa izendatu zuenari buruz: oholtzara igotzeko bidea eta momentua, bertsolari bakoitzak taula gainera berarekin eramaten dituenak... Finalera begira, erabakita duzu hori guztia?
Denok ditugu estrategia batzuk horrenbesteko dimentsioa hartzen duen zurrunbiloari nolabait lurra emateko. Nire kasuan, nahiko sinpleak dira urratsak: hasierako agurra pentsatu eta etxean askotan kantatu, arropa erosita eta prest izan, finalaren egunean paseo bat eman goizean eta makarroiak bazkaldu... Horrez gain, aurreko egunean ahalik eta lo gehien egiten saiatzea, hori ere garrantzitsua izango da.
Illunbera finalaren egunean bertan joango gara, bazkalostean, 15:30ak baino lehenxeago.
Finalaren tokira, beraz, 15:30erako helduko zarete, gutxi gorabehera. Lehenago joaten zinetela uste nuen.
Hala nahi izanez gero, aurreko egunean [gaur, hilak 13] etortzeko aukera izango dugu. Duela bost urte, adibidez, bertaratu nintzen, nahi nuelako irudikatu zein izango zen hurrengo eguneko eszenatokia, bertsolaritza final bat jokatzeko espazio bezala prestatuta zegoena dagoeneko.
Elkarrizketa hau, esan bezala, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpen agerraldiaren egunean eginda dago, hau da, asteartean (hilak 10). Galdera hau erantzuterakoan, Labakak ez zuen erabakita oraindik duela bost urtekoa errepikatu eta Illunbera finalaren bezperan etorriko zen ala ez, baina bai saio erabakigarria hasi arteko tarte horretakoa.
Ikus-entzuleentzat ateak 15:30ean irekiko dituzte eta tartetxo batez oholtzara igoko naiz, gustatzen zaidalako imajinatzea nolakoa izango den areto hori, jendez beteta: aulkian eseriko naiz, mikrofonoaren aurrean jarri... Gero, ganbarara sartuko gara eta zozketa egingo dugu 15:45ak aldera, finalean zehar egin beharreko ariketak nortzuekin gauzatuko ditugun jakiteko. Une hori aprobetxatuko dugu erabiliko ditugun doinuei buruz-eta hitz egiteko, eta gero, ba horixe, ahalik eta azkarren igaro dadila arratsaldeko bostak jo arteko denbora.