Udaberrian edo udazkenean hasi, ibilbidea luzeagoa ala motzagoa izan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalisten bideak toki berean gurutzatuko dira larunbat honetan, Donostiako Illunben. 17:00etan hasiko dira lanean Beñat Gaztelumendi Arandia, Alaia Martin Etxebeste, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Andoni Rekondo Izagirre, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Ane Labaka Mayoz lasarteoriatarra. Gaur goizean elkartu dira gune horretan bertan, ekitaldiaren aurkezpen prentsaurrekoan parte hartzeko. Beraiekin batera izan dira larunbateko finala aurkezteko eta txapelduna iragartzeko ardura izango duten Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar.
Giroa oso hotza izanik ere, azken egunetan ez bezala ateri zegoen, eta bertsolariek Illunbe kanpoaldean atera dituzte argazki ugari: plaza atzean zutela, ateetako batean, errepidea gurutzatzen... Ondoren, barrura joan eta harmailetan barrena ibili dira, Gipuzkoa Basket taldea saskibaloi kantxan entrenatzen ari zen bitartean. "Prentsaurrekoaren ostean elkarren arteko partida bat bota beharko dugu", adierazi du Iguaranek, brometan. Hedabideekin egotekoa egun luzea eta nekeza izanagatik, zortzi finalistek gogo onez eta umorez hartu dute tartea.
Behin prentsa aretora sartutakoan, Ezenarrok hartu du hitza zortzi bertsolariak aurkeztu eta txapelketari buruzko datu orokor batzuk emateko: Gipuzkoa Bertsotan izeneko sailkapen fasea eta txapelketa bera kontuan izanda, 35 saio jokatu dituzte 88 bertsolarik (74 hasi ziren udaberrian eta beste hamalauak udazkenean zehar batu dira). Larunbateko finala, beraz, 36. eta azken saioa izango da.
Ilusioa eta gogoa
Bertsolariekin elkarrizketak eskatu dituzten hedabideen txanden aurretik (ostiral honetako TXINTXARRI-n argitaratuko dugu Ane Labaka Mayozekin izandako hizketaldia), Ezenarrok egin ditu kazetari lanak eta pare bat galdera bota dizkie, finalaren aurreko egunetako egoerari eta norberak lehiatu bitartean izan duen ibilbideari buruzkoak, banan-banan erantzun zitzaten. Bakoitzak beretik, bat egin dute zenbait gogoeta eta hausnarketatan eta elkarri loreak ere bota dizkiote, azken fasera iritsi den zortzikotearen balioa nabarmenduta eta "Gipuzkoaren aniztasuna" islatzen duela azpimarratuta.
Labakak prentsaurrekoan zehar egindako hitzartzeak albiste honi erlazionatu dizkiogu. Mikrofonoa hartzean adierazi du, besteak beste, larunbateko finalean egiten ere asmatu nahi duela egotetik harago, eta "gorputzaldi onarekin" sentitzen dela egun handi horretarako.