Kulturartekotasunaz hitz egin eta hausnartzeko mahai ingurua egingo dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abenduaren 4a

Apirileko Bizipoza Jaian ere mahai inguru bat egin zuten.

Gure herriko Bizipoza lantaldeak 'Lasarte-Oria koloretsua kulturartekotasunetik elkarrekin lantzen' mahai ingurua aurrera eramango du datorren astelehenean, hilak 9, Antonio Mercero aretoan, 18:00etan, "udalerriko eragileen artean hitz egin eta entzutea garrantzitsua delako". 

Aurten kulturartekotasuna lantzea erabaki dute Lasarte-Oriako Bizipoza lantaldea osatzen duten eragileek. Horren barruan, iragarri dute elkarrekin solastu eta elkar entzuteko elkartuko direla. "Gaiaren bueltan ditugun kezkak partekatu eta etorkizunean egin dezakegunaz mintzatuko gara", aurreratu dute. Mahai ingurua euskaraz izango da eta unean uneko itzulpen zerbitzua emango dute antolatzaileek, bertaratzen denetakoren batek hori beharko balu.

Gauzak horrela, herriko ikastetxeak (Sasoeta-Zumaburu, Garaikoetxea-Landaberri eta Oriarte BHI), Ttakun Kultur Elkartea, Ostadar SKT, Kumme Elkartea, Kukuka antzerki eta dantza eskola eta Bizipoza elkartea bera izango dira gonbidatuak. 

Ekimena antolatu dutenek herritarrak animatu dituzte ekimenera bertaratu eta kulturartekotasuna lantzeko ekarpenak egitera.

Erlazionatuak

Bizipoza hedatu dute herrian barrena

Txintxarri Aldizkaria 2024 api 26 Gizartea