Orainprebentzioa ekimena duela hogei urte pasatxo sortu zuten Mikel Cerezo gizarte hezitzaileak eta alor horietan lan egiten zuten beste kide batzuek. Gehienbat drogei lotutako adikzioak landu izan dituzte, baina duela bederatzi edo hamar bat urte "otsoari belarriak ikusi" eta teknologia berriek eragin ditzaketen dependentziak lantzen hasi ziren, eragiten dituen sustantzia kimikoa berbera delako: dopamina. Drogak ez bezala, sakelako telefonoak eta pantailadun gainerako digitala "edonork" erabiltzen ditu egunero, beraz, gaztetxoen erabilerari buruz soilik ez, gurasoen jardunari buruzko jarraibideak ere eman ditu adituak. "Eredua eman bitartean hezi behar ditugu gure seme-alabak, ez du balio gauza bat esan eta gero kontrakoa egiteak".
Gailu digitalak erabiltzeak "argi-ilunak" dituela adierazi du Cerezok. "Erabilera positiboak baditu, baina arriskuak ere bai. Teknologia berriak zer egiten gaitu, konektatu ala blokeatu? Biak, batetik ematen digulako sarera eta informazio askora sarbidea, baina, bestetik, gertukoengandik aldendu egin gaitzakeelako, hamar minuturako zen kontu bat gutxienez ordu erdikoa bihurtzen denean, adibidez". Horri lotuta, bertaratu direnak txundituta utzi dituen datu batzuk eman ditu, esaterako, sakelako telefonoa hartu, desblokeatu eta zerbait egiteko 150-200 aldiz erabiltzen dugula, batez beste.
Guraso eta seme-alaben arteko errealitate talkak gertatu ohi dira, lehenengoek sakelako eta antzeko gailu digitalik gabeko bizitzak ezagutu dituzten bitartean, bigarrenak horiek gizartean oso presente daudela jaio direlako. Bestela esanda, "natibo digitalak" dira eta "oso garrantzitsua" da beraientzat mundu birtual horretan norbait izatea, ezaugarri jakin batzuetako profil bat sortu eta horren bidez komunikatzea.
Txiki-txikitatik gailu digitalekin harremana izatea, ordea, "oso arriskutsua" izan daiteke etorkizunera begira. "Pantailadun dispositiboak antsiolitiko bezala ematen badizkiegu haurrei, lasaitu daitezen, euren garunak despistatu bakarrik ez ditugu egiten; gaitasun guztiak garatu gabe dituzten etapa batean, gainera".
Dagoeneko, 80 guraso
Orainprebentzioa ekimeneko kide eta aditua Lasarte-Oriako Altxa Burua taldeak gonbidatu du. Eragile horretako kide batek jakinarazi du dagoeneko herriko 80 guraso batu direla eta helburua dela sarea "are gehiago zabaltzea".
Halaber, hilabeteotan aurrera eramaten ari diren gainerako ekimenak zeintzuk diren azaldu du. Horietako bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailera idatzi bat bidaltzea. Beste bat, gailu digitalaren erabileraren aurkako arnasgune izango diren gune batzuk jarri dituztela Landaberri eta Garaikoetxea ikastetxeetan nahiz osasun zentroan. Azkenik, Aterpea merkatarien elkartearekin lankidetzan ari dira, haur eta nerabeek komertzioetan sakelako telefonoak eta bestelako dispositiboak erabiltzeko "gune seguruak" izan ditzaten. "Laster" aurkeztuko dute ekimen hori zertan den.
Altxa Buruako kideekin harremanetan jarri nahi dutenek lasarte-oria@altxaburua.eus helbide elektronikora idatzi behar dutela ohartarazi dute.