Azaldu dute Landaberri Guraso Elkarteak egin zuela talde eragile bat sortzeko proposamena, eta, esan bezala, iazko kurtso amaieran abian jarri zutela. "Berehala bertaratu ginen zenbait guraso; datozen aste eta hilabeteetan ziur gehiago izango garela", adierazi du Mendezek. Suberbiolak zehaztu du bi talde sortu dituztela: HH2-LH4 maila arteko seme-alabak dituztenena eta LH5eko ikasleak nahiz nagusiagoak direnena. Datorren astean aurrera eramango dituzte bi bilera, hilaren 15ean eta 17an, Garaikoetxea-Landaberrin, 17:30ean. "Bilkurak zentro horretan izanagatik familia guztiak daude gonbidatuta, bai Sasoeta-Zumaburun haurrak dituztenak bai kanpoko ikastetxeetan dituztenak ere", jakinarazi du Suberbiolak. Gurasoren batek Altxa Burua Lasarte-Oriarekin harremanetan jarri nahiko balu, helbide elektronikoa badute: lasarte-oria@altxaburua.eus. Gure udalerrikoa da Gipuzkoako sare zabala (60 taldetik gora daude dagoeneko) osatzen duen eragileetako bat.
Abiatzeko aholkuak
Gaiari heltzeko abiapuntu gisa erabil daitezkeen zenbait neurri jaso dituzte Altxa Buruako kideek. "Gero, hori bai, norberak egokitu beharko ditu etxean duen egoerara". Irizpide hauek aipatu dituzte: etxeko une eta momentuak (otorduak, kasu) errespetatzea; etxeko eremu amankomunetan erabiltzea gailu digitalak; haur eta nerabeei tresna horiek ez ematea aspertuta daudenean entretenitzeko edota haserre daudenean lasaitzeko; lotara joan baino ordubete lehenago, gutxienez, sakelako telefonoak eta bestelakoak erabiltzeari uztea; adin tarte bakoitzari dagozkion edukiak kontsumitzea; eta gurasoek erabilera zentzuduna egitea, seme-alabentzat eredugarria izango dena. "Askoz neurri gehiago daude baina hasteko aproposak izan daitezke hauek", zehaztu du Mendezek. Horri lotuta, honako hausnarketa egin du: "Gaztetxoek aspertu eta frustratu egin bhear dute; egoera horiek gailuen bidez konpontzen saiatzea oso txarra da".
Ondorio "kaltegarriak"
"Zenbat eta gazteago erabiltzen hasi gailu digitalak, orduan eta arrisku gehiago dute umeek horiekiko menpekotasuna garatu eta ondorio kaltegarriak jasateko", esan du Suberbiolak. Altxa Burua taldean daudenetik irakurri dituzte makina bat ikerketa eta egoera "kezkagarria" dela uste dute: eskoletan arreta galtzea, ikaskideen arteko liskarrak eta jazarpen kasuak areagotzea, aurrez aurre komunikatzeko eta enpatia izateko arazoak...
Horren aurrean, zer-nolako neurriak hartu dituzte herriko ikastetxeek? Suberbiolak eta Mendezek azaldu dute Euskal Autonomia Erkidegoa dela gai horren gaineko legediarik ez duen probintzia bakarra: "Ikastetxeei esan diete bakoitzak prestatu eta aplikatu behar duela bere protokoloa". Oriarte Landaberri eraikinean, esaterako, DBH 1 eta 2 mailetan ari diren ikasleek ezin dituzte gailu digitalak eraman eta hori eginda ere euren leihatiletan gorde behar dituzte eskolei ekin aurretik. Zentzu horretan, Suberbiolak adierazi du gainerako erkidegoen irizpide "oso antzekoak" prestatu dituztela hezkuntza zentroek.
Mendezek jakinarazi du Altxa Burua egitasmoa aldarrikapen eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten ari dela. Horietako zenbait martxan jarri dituzte zenbait herritan eta arrakastatsuenak izaten ari direnak besteetara iristen ari dira. Aurtengorako asmo bat, adibidez, udalerriko merkatariekin eta zenbait eragilerekin elkarlanean hastea da, Gurea erabil dezakezu egitasmoa martxan jartzeko. Establezimenduetan lelo hori daraman pegatinak jarrita, gaztetxoek jakingo dute bertara joan daitezkeela telefonoz deitzera, adibidez.
Horrez gain, erakundeak inplikatu nahi dituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari idatziak bidaltzea izan da Altxa Buruak proposatutako beste ekimen bat. "Erantzun dute esanez nahikoa informazio badutela eta elkarlanean hasteko prest daudela, gailu elektronikoek eragiten dituzten kalteak osasunarentzat adierazgarriak direlako".
Bi bilera Garaikoetxea-Landaberrin
Landaberri Guraso Elkartearen proposamenari helduta Altxa Burua Lasarte-Oria talde eragilea sortu zuten herriko zenbait gurasok joan den ikasturte bukaeran. Iragarri dute datorren asteko astearte eta ostegunean (hilak 15 eta 17) bilera pare bat egingo dituztela datozen hilabeteetako lan ildoari eta beste kontu batzuei buruz hitz egiteko.
Gai zerrenda
• Ikastolako araudiaren eta kartelaren proposamena.
• Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailetara gutunak bidaltzea.
• 2024-2025 ikasturterako konpromisoak finkatzea.
• Merkatari eta Lasarte-Oriako beste eragile batzuekin lankidetza.
Altxa Buruako kideek herriko familia guztiak deitu dituzte bileretara, "ezinbestean taldean egin beharreko borroka" dela iruditzen zaielako. Asteartean egingo dute aurreneko bilera, HH2-LH4 maila arteko haurrak dituztenentzat, 17:30ean, Garaikoetxea-Landaberrin. Bi egun geroago elkartuko dira LH5etik gorako seme-alabak dituzten familiak, eraikin eta ordu berean.