BERTSO ASTEA

Solasa eta jolasa uztartu dituzte

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko aza. 27a, 12:00

Giro ederrean egin dute bertso solasaldia.

Bertsolaritzari buruzko solasaldi batekin ekin diote egunotan aurrera eramango duten Bertso Asteari. Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek iritzi, gogoeta eta sekretutxo baten bat edo beste partekatu dituzte aretoa bete duten herritarrekin.

Ekimena hasi eta berehala, saioaren gidari Mailu Arrutik lanean jarri ditu bi bertsolariak, hasierako agurra abesteko eskatuta. Batetik, onartu dute zertxobait urduri zeudela hasi baino lehen, hitzezko biluzte ariketa bat egin eta sekretuak bistan jartzera zihoazelako, eta, bestetik, prestutasuna adierazi dute eztarri eta garunak erabilita solasa eta jolasa uztartzeko:

BEÑAT GAZTELUMENDI ANE LABAKA

Arratsalde on, nahiz eta

indarra galdu duen eguzkiak

hementxe gatoz nerbioz eta

izerdi hotzez bustiak

gure errimak gure ideiak

eta gure angustiak

gaur bistan jarri behar ditugu

gure sekretu guztiak.

Arratsalde on denoi

hala esan dezagun

udal euskaltegian hainbeste euskaldun

bertsoa kontatuko dugula demagun

hemen gatoz gu gure eztarri ta garun

solasa ta jolasa uztartu ditzagun

Lan hori eginda, Arrutik hartu du hitza berriro, azaltzeko solasaldiko gai guztiak ez zizkiela beti esplizituki esplikatuko. Horren adibide izan da hurrengoa: altxa egin da, mikrofonoaren aurrean tartetxo batez aritu da abesten hasi-ez hasi joko horretan, eta, hitzik esan gabe, eseri egin da berriro. Labaka eta Gaztelumendiri begiratu, eta beraiei eman die hitza. 

"Gai askori buruz hitz egin genezake hemendik... nire tik eta keinuei buruz ariko naiz. Sekretuak kontatzen hasita, mikrofonotik urruti samar hasten naiz proposatutako gaiari buruz pentsatzen, jakiteko zein ote den benetako gaia. Hiru bukaera pentsatu eta bertsoak egituratzen hasten naiz. Abestera hurbildu eta berriz ere atzera egiten badugu, esan nahi du errimaren batek huts egin digula edo ez dugula koplaka hastearena hain argi ikusten", adierazi du Gaztelumendik. Labakak, berriz, onartu du baduela nolabaiteko "mamu" bat denboraren kontuarekin, abesten hasi arteko eta ariketan zeharreko tarteak ongi zaindu behar izaten dituztelako zigorrik ez jasotzeko, baina, era berean, iruditzen zaio badela "ahalduntze eta segurtasun ariketa bat", bertsolariak hausnartu eta bertsoak egituratzeko hartzen duen asti horretan isil-isilik daudelako ikus-entzule guztiak, une hori errespetatzen.

Osasun zentro ondoko eraikinera bertaratu direnek adi-adi jarraitu dute saioa, batez ere, eskarmentu handiko bi bertsolari horiengandik nahiko gertu zeuden Earra! bertso eskolako ikasleek. "Bertsoak botatzeko urratsa egitea asko kostatzen zaigu... Nola kudeatzen duzue zuek piszinara jauzi egitearen erabaki hori?", galdetu diete. Gure herriko eskolan hasi zeneko garaia gogoratu du Labakak: "Ez nuen ahoa irekitzen buruan bertso oso bat osatu eta ona zenaren segurtasuna izan arte. Garai horretan bazebiltzan mutil batzuk eta gehiago ausartzen hasten ziren, gaizki arituta ere kantaldia moztu eta barrez hasten ziren... Iruditzen zait horrek baduela zerikusia generoarekin, gauzak gaizki egitearen beldurra". Hori esanda, argi utzi du berak behintzat ez duela "errezeta magikorik", eta ikasle gazteak animatu ditu "jardun, jardun, jardun eta bertigoa sentitzera". 

Gaztelumendiren ustez, gakoetako bat da onartzea bat-batekotasunean aritzean gauzak gaizki egitea eta norbere burua barkatzen ikastea. "Bat-batean aritzean beti egiten dut gaizki, ikasten hasi nintzenean eta orain ere bai". Biek ala biek azpimarratu dute bertso eskolek izan behar dutela partaideen arteko harremanak lantzeko eta bertsolaritzan ikasi bitartean eroso sentitzeko eremuak.

Hanka sartzeez, koplaka

Bertso saio, afari, txapelketa eta bestelakoak ikustera joaten direnak zirikatu ditu ondoren Arrutik. "Euskalduna zeinen morbosoa den... Zeren zain egoten gara, bertsolaria noiz irristatuko den, noiz poto egingo duen? Sakafaltas batzuk garela, koño!". Horren ostean, berriz ere lanean jarri ditu Labaka eta Gaztelumendi: eskatu die koplaka errepasatzeko orain arte egin dituzten hanka sartze xelebreenak. Proposamena gogoz hartu eta bertso ederrak osatu dituzte biek, entzun dituztenak barrez lehertzen jarri dituzten ateraldiekin. Bi adibide: Labakak, ez zekiela Gabirian omendu behar zuten pertsona bat oraindik bizi zen ala hilda zegoen; Beñatek, BECen jokatutako final batean botila ireki eta ur dena isuri zitzaiola. 

Hurrengo ariketan solasaldira bertaratutakoak jarri ditu lanean saioaren dinamizatzaileak. Bertsolarientzat errima zaileko hiruna hitz pentsatu eta idatzi behar zituzten, Labakak eta Gaztelumendik laugarrena ateratzeko: zuhaitz, haritz eta zukaitz; poto, loto eta Anboto ; tupust, purrust eta estroputz ; kiwi, oui (frantsesez, bai) eta Wii bideojokoetarako aparailua... Gehienak berehalakoan osatu dituzte eta azken bi horiekin gehiago kosta zaie.

Behin errimen gaia aterata, bakoitzak nola lantzen duen partekatu du. "Hitz multzoak egiten ditut hoskidetasunaren arabera, esanahiaren arabera... Errima estuen zalea naiz ni, sinesten dut horrek eramaten nauela gauzak bertso modu batean bota eta gauzak bestela esatera. Zerrendak egitetik harago saiatzen naiz pentsatzen errimak bertsoan zehar nola josi", esan du Labakak. Gaztelumendik ere antzera egiten du: "Errimak ez ditut buruz ikasten, gehiago interesatzen zait hitzen mekanika ikastea, bertsotan ari naizenean horra jo ahal izateko". Halaber, "interesgarria" iruditzen zaio txapelketa bateko jarduna amaitu eta "zerotik hastea", lotura berriak egitea: "Bestela, arriskua dago etengabe errima berberak erabili eta gauza berdinak esateko".

Zeremoniak eta gai jartzaileak

Arruti berriz altxa da eta bi bertsolariei begira-begira honakoa galdetu die: "Zergatik eramaten dituzue horrenbeste traste oholtza gainera? Itxurakeria da? Zer da zeremonia hori?". Oraindik barrez ari zirela, erantzuten hasi dira. Gaztelumendi: "Txorakeria dirudi baina gauzak eramateak, hasi aurretik tartea hartzeak, balio dute, adibidez, azkartuta eraman ohi dugun arnasa lasaitzeko; ez bazara lasaitzen, horrek bertsoen lanketari eragingo dio, ez duzu behar bezainbeste sakonduko eta azaletik abestuko duzu". Tauletara berarekin eramaten dituen gauzak asko ez direla kontatu du eta "kalkulatuta" izaten dituela. Janzten duen arropak, adibidez, ez du berri-berria izan behar. "Pentsatu bitartean behera begiratu eta aurretik inoiz eraman ez ditudan zapatila batzuk ikusiz gero, erabat ateratzen naiz saiotik".

Labakak, esaterako, ohitura du ura askotan edateko, egarririk ez izanda ere: "Oholtzan lur hartzeko baliabide onak dira horrelakoak". Nahiz eta berarekin eramaten dituen gauza guztiak ez erabili, gainean izate hutsak lagundu egiten dio: "Nireak diren gauzek babes eta segurtasuna sentiarazten didate, nahiz eta egiazko emozioak ez izan".

Gai jartzaileei buruz ere aritu dira solasaldian. Arrutik, ironiaz, amaiezina eta aldrebestua zirudien proposamen-bakarrizketa bat egin die, gero bertsolariek koplaka erantzun dutena: 

Hasierako lotsak albo batera utzita, ikus-entzuleetako batzuk animatu dira bertsolariei galderak egitera. Esaterako, saio garrantzitsu bat duten aste berean euren bizitzetan gertatzen dena (nekea, gaixotasunak, arazoak, albiste txarrak...) nola kudeatzen duten, oholtza gainean aritzen direnean psikologikoki oso prest eta kontzentratuta daudela dirudielako. "Badirudi aurrez programatutako robot edo maniki batzuk garela, neurri eta doinu jakin batzuetan abestu besterik egiten ez dutenak, baina pertsonak gara gu ere, hezur eta haragizkoak, egunerokoan gauza asko kudeatu behar dituztenak", hausnartu du Labakak. Egoera horretan kausa-efektu delakorik ez dela egoten azaldu du Gaztelumendik: "Aste benetan txar baten ostean joan zaitezke txapelketa batera, eta, horregatik, zure burua agian ez duzu horren estu hartzen eta oso saio ona egiten duzu gero". 

Konturatzerako ordu eta erdi joana zen solasaldia hasi denetik eta Arrutik azken aldiz altxatzeko eskatu die bertsolariei, agurrak bota zitzaten. Hona hemen Labaka eta Gaztelumendiren bertsoak: 

Poteoa eta solasaldia

Imanol Lizardi zenarentzat hitz batzuk ere izan ditu Arrutik, nola ez: "Earra! bertso eskola sortu zela badira zenbait urte eta orduan ausartu zirenen artean zegoen Imanol Lizardi. Dakizuenez, iaz omenaldi bat egin genion: euskalzale sutsua, eragile aparta eta bertsozale porrokatua zen". Iazko aintzatespen ekitaldi horretan konpromisoa hartu zuten antolatzaileek Lizardiren izena eramango zuen bertso lehiaketa bat antolatzeko, eta, azkenean, sariketa bakarrik ez, aste oso bat aurrera eramaten ari dira.

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak ondu dute egitaraua, Earra! bertso eskolako eta Imanol Lizardi lantaldeko kideekin batera. Hasiera bikaina eman diote antolatzaileek ekimenari, solasaldiarekin, eta aho zapore goxo hori mantentzeko asmoa dute biharko bertso poteoarekin eta etziko I. Imanol Lizardi Sariketarekin. Bi ekimen horietara gonbidatu dituzte herritarrak:

  • Bihar, hilak 28, 18:30ean, erdigunean barrena egingo dute bertso-poteoa Earra! eskolako kideek, trikitilarien laguntzarekin.
  • Etzi, hilak 28, 18:00etan, Mirentxun jokatuko dute I. Imanol Lizardi Sariketa. 16 eta 18 urte arteko sei bertsolari ariko dira: Maddi Lasa eta Aratz Arzelus gipuzkoarrak, Iraide Onaindia eta Hegoi Amabizka arabarrak, Kelmene Abaitua bizkaitarra eta Kattalin Lizarraga nafarra.

 

Erlazionatuak

Bertso solasaldia, iruditan

Txintxarri Aldizkaria aza 27 Euskara

Beñat eta Aneren hasierako agurrak

Txintxarri Aldizkaria aza 26 Euskara

Ane eta Beñaten agurreko bertsoak

Txintxarri Aldizkaria aza 26 Euskara