Aipatutako webgune hori izan da euskara elkarteak eman duen azken urratsetako bat, eta, horren aurretik, makina bat pauso eman ditu euskara eta euskal kultura Lasarte-Orian eta baita udalerritik kanpo ere errotzeko asmoz, sortzaileek imajina zezaketena baino dimentsio handiagoa lortuta: haur, nerabe eta helduentzako aisialdia euskaraz, udako txokoak eta kanpaldiak, Zerbitzuak, Eskola Kirola, TXINTXARRI aldizkaria... dira lantaldeak kudeatzen dituen programa aipagarri batzuk.
Geltoki kaleko 4. zenbakiko bulegoan gaude gaur egun, Jalgi Kafe Antzokiaren ondoan, baina ez da beti hala izan. Andrejoakinaenea haurren eskolako ganbaran egin zituen elkarteak lehen urratsak: urtebetez bildu ziren han, asteazkenero, eragile bat sortzea baitzen haien asmo eta ilusioa. Gorpuztea lortu zutenean, Pablo Mutiozabal kalera mugitu ziren, harik eta Lasarte-Oriako Udalak Erribera kaleko lokala utzi zien arte. Sei urtez jo eta ke aritu ziren lanean han eta 1998an etorri ziren gaur egungo egoitzara. Urte horretan bertan eskuratu eta ireki zuten Jalgi.
Horrez gain, Iñigo de Loiola kalean topagune bat du euskara elkarteak, Ttakunenea izenekoa. Euskaltzale direnentzako "arnasgune berri bat" izateko asmoz jaio zen 2016. urtean. Gaur egun, elkartearen beraren zenbait egitasmo han egiten dituzte eta elkarte gastronomikoa ere bada.
Bidelagun ugarirekin batera hazi da Ttakun: herritar, elkarte, ikastetxe, euskaltegi, alderdi politiko eta erakundeekin. Euskaltzale boluntarioek osatutako talde batek dinamizatu zuen elkartea hasieran; gaur egun, 440 bazkide inguru ditu eta lantalde profesional batek kudeatzen du eguneroko jarduna.